Herritarrenganako erantzukizunagatik, pentsiodunen kontzentrazioak eten egin dira. Horra hor pentsiodunek helarazi duten komunikatua. “Pertsona guztiok ezagutzen dugu koronabirusa gure inguruan sortzen ari den egoera. Izurrite horri aurre egiteko norbanakoaren eta taldearen zaintzari buruz osasun eragileak gizarteari zuzentzen ari zaizkion gomendio guztiak entzuten ditugu. Adinekoen kolektiboa, adierazten digutenez, arrisku bereziko taldea gara, eta gehiago babestu behar duguna. Pertsona guztiok gure esku dagoena jarri behar dugu egoera honetan laguntzeko. Horregatik, astelehenero Pirulon biltzen garen Pentsiodunen Asanbladako koordinazio taldeak horiek gelditzea erabaki dugu, osasun gomendioek hala aholkatzen diguten bitartean. Orain arteko kontzentrazioen inguruko erabaki guztiak batzarrean hartzen saiatu gara; hala ere, pentsatzen dugu une berezia dela eta ez genukeela hurrengo elkarretaratze batean inor arriskuan jarri behar, eta neurri hori ulertua izatea espero dugu. Herritarrenganak erantzukizunagatik, aldi baterako gelditu egin dugu gure jarduna, baina pentsio duin batzuen aldeko lanak aurrera jarraitzen du eta jarraituko du”.