Gipuzkoako ESI (Erakunde Sanitario Integratua) eta Onkologikoak herritar guztiei eskatzen diete ospitalean zein osasun zentroren batean hitzordua hartuta badaukate, ez joateko hitzordu horretara eta etxean itxaroteko, osasun zentroa bera edo Onkologikoa haiekin telefonoz harremanetan jarri arte.
Ospitaleetan bertan behera geratzen dira kontsulta espezializatuak, eguneko ospitale kirurgikoa eta kirurgia programatu guztiak, kirurgia onkologikoa, onkologia medikoa, onkologia erradioterapikoa, oncologia hematologikoa eta oncologia pediatrikoa tratamenduan dauden gaixoen kontsultak izan ezik. Era berean, eguneko ospitale mediko eta onkologikoen eta abian diren erradioterapia-saioen jarduera mantentzen da.
Osasun-zentroetako profesionalak hitzordua duten paziente guztiekin jarriko dira harremanetan, eta telefonoz erantzungo zaie. Osasun-arloko profesionalek telefonoz ebatziko dituzte beren kontsultak, eta, beharrezkoa bada, aurrez aurreko hitzordua ezarriko da zentroan.
Premiazko odol-ateratzeak baino ez dira egingo, eta programatutako proba osagarri guztiak bertan behera utziko dira (elektrokardiogramak, espirometriak …).
Programatutako sendaketak mantendu egingo dira, eta hitzartuta dauden erizaintzako beste prozedura batzuen kasuan, osasun-zentroaren deia jasoko dute herritarrek.
Webgunetik telefono bidezko kontsultak bakarrik eskatu ahalko dira.
Arnas sintomatologiarekin lotutako kontsulta-arrazoiren bat duten herritarrak telefonoz jar daitezke harremanetan Osasun Aholkuarekin (900 20 30 50).
Horrelako egoera baten aurrean erakutsi duten konpromisoagatik, heldutasunagatik eta erantzukizunagatik, herritarrei beraien esker ona erakutsi nahi diete. Normaltasunera ahalik eta lasterren itzultzea espero dute.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide