Urretxu eta Iparragirre, bihar ETB1eko 'Itxi liburuak' saioan
Egungo egoeran egunak luze doaz. Horra hor bihar (osteguna) gauerako plan ona: ETB1eko Itxi liburuak saioa ikustea. Izan ere, programako protagonistetako bat Joxe Mari Iparragirre izango da. Itxi liburuak saioaren helburua historia modu dibertigarrian ikastea da. Euskal Herriko historiako mugarri nagusi, esanguratsu edo adierazgarriak azaltzen ditu ostegun gauero (22.30ean) ETB1en. Gai bakoitzaren inguruan pertsona ezagun bat informatzen eta formatzen dute. Ondoren, pertsona horrek historia klase bat ematen du unibertsitatean. Biharko saioko irakaslea Ramon Agirre aktore donostiarra izango da. Biharko gaia karlistadak izango dira eta Agirrek hiru karlista ospetsuren pasadizoak ezagutuko ditu: Iparragirre, Tomas Zumalakarregi eta Santa Kruz apaiza. Iparragirreri buruz Maialen Fidalgo zinegotziarekin hitz egingo du.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide