Luis Orduñak (Barañain, 1980) Zumarragako banda utzi behar du Gasteizkoa zuzentzeko. Azken kontzertua hilaren 29an egitekoa zuen, baina atzeratu egin da koronabirusa dela eta.
Nolatan musika zalea?
Nire gurasoak eta osabak ez dira musikariak, baina nire anaiek eta lehengusuek musika ikasi dute. Barañain oso herria txikia zen eta oso denbora gutxian asko hazi zen. Musika eskola herria hazten hasi zenean sortu zen eta bertatik ia haur guztiak pasa dira. Izan ere, garai hartan ez zegoen egun dagoen eskaintza zabalik. Barañaingo musika eskolak 1.000 ikasle inguru ditu.
Ikasle helduak ere baditu.
Nire aita, besteak beste. Nire lehen maisua egun bere irakaslea da eta nire anaietako batek ere eskolak ematen dizkio.
Ze musika ikasketa egin zenituen zuk?
Ikasketak Barañainen hasi nituen eta ondoren Iruñeara joan nintzen gradua egitera. Tuba ikasketak Bartzelonako Esmuc eskola entzutetsuan amaitu nituen. Bartzelonan nengoela, Gasteizko bandan plaza lortu nuen. Handik gutxira Sakanako Haize Berria banda zuzentzeko aukera suertatu zitzaidan. Hala, orkestra zuzendaritza ikastea erabaki nuen. Gasteizen eszedentzia hartu nuen orkestra zuzendaritza ikasteko eta azken zortzi urteak eszedentzian eman ditut. Egun, Eduardo Mokoroa konpositore tolosarrari buruzko doktoregoa egiten ari naiz Complutense unibertsitatean.
Tuba jotzen duzu. Zergatik aukeratu zenuen instrumentu hori?
San Fermin jaietan ezagutu nuen, 6 urterekin. Txaranga bateko kidea tuba jotzen ikusi nuen eta munduko instrumentu zoragarriena iruditu zitzaidan. Musika eskolara joan nintzenean, arduradunak instrumentuen marrazkiak erakutsi zizkidan. Tuba seinalatu nuenean, barrez lehertu zen. Umeentzako handiegia dela esan zidan eta bonbardinoa jotzea proposatu zidan. Hala, bonbardinoarekin hasi nintzen.
Nola heldu zinen Zumarragako bandara?
Zumarragako bandako
concertinoak, Luciak, nirekin ikasten zuen. Zuzendaria behar zutela esan eta aurkeztea erabaki nuen.
Zer esango zenuke Zumarragako bandaz?
Maila ona du eta musikariek gauza berriak egiteko gogoa dute. Gainera, beste toki batzuetan ez bezala, udalaren erabateko babesa du. Iaz, 150. urteurrenean, oso ekitaldi bereziak egin genituen eta guztiak bandako kideek proposatu zituzten. Gainera, musikarien arteko giroa oso ona da. Zailena gazteei eustea da, unibertsitatera joateko garaia heltzen zaienean herritik ateratzen baitira.
Zer diozu jarraitzaileez?
Zumarragako bandak oso jarraitzaile fidelak ditu. Heldu nintzenean krisialdi txiki bat pasa genuen, musikariak eta jarraitzaileak Lander Zurdoren lan egiteko modura ohituak baitzeuden eta nik nire estiloa ezarri bainuen. Baina berehala gainditu genuen.
Zein izan da zure ekarpena?
Nire ustez, bandak anbizio handiagoa du eta modernoagoa da. 150. urteurrenerako munduko banda konpositore onena ekartzea eta beste talde batzuekin lan egitea horren erakusgarri dira.
Zumarragan eman dituzun urteak onak izan al dira?
Bai, noski. Baina aldaketak onak dira. Ez da komeni zuzendariek urte asko ematea banda berean.
Ze alde daude Gasteizko eta Zumarragako banden artean?
Gasteizkoak Zumarragakoak baina musikari gutxiago ditu, baina musikari guztiak profesionalak dira eta urtero 100 bat ekitalditan parte hartzen dute.
Zumarragako bandako kideentzat mezuren bat?
Lanean jarrai dezatela, orain arte bezala. Proiektuak merezi du. Eta udalari eta herritarrei, banda babesten jarrai dezatela eta zuzendari berriari babesa eman diezaiotela. Zuzendari berriak, nik bere garaian egin nuen bezala, bere estiloa ezarri behar du.
Zumarraga uzteak pena ematen al dizu?
Noski. Azken 7 urte hauetan nire etxea izan da. Bandako kideei albistea ematea zaila egin zitzaidan. Azken kontzertua hunkigarria izango da.