Herri askotan musika balkoira atera dute herritarrak dantzan jartzeko eta hala konfinamendua eramangarriagoa egiteko. Hori ikusita, Iñaki Aldalur zumarragarrak ere disko festa antolatzea erabaki zuen. Iñaki Soraluze kaleko 10ean bizi da: bizilagun guztiak senitartekoak dira eta ia guztiak musikariak. Ez da harritzekoa, beraz, etxe horretan disko festa antolatu izana.
Batxilergoko bigarren maila ikasten ari da eta musika odolean darama. Bere amak, Amaia Arratibelek, pianoa jotzen du, Kimets abesbatzako kidea izan zen eta noizean behin Goiargirekin abesten du. Aita, Oskar Aldalur legazpiarra, soinu teknikaria da. Bries eta Gogor taldeekin lan egin zuen.
Iñaki zazpi urterekin joan zen musika eskolara. Antxiñako Ama txistulari taldeko kidea da eta dultzaina jotzen ikasten ari da Urretxuko dultzaineroekin. Aitari disko festa egitea proposatu zion eta honek baiezkoa eman zion. Iluntzero egiten dute festa, osasun arloko langileei txalo egin ondoren.
Gurasoek laguntzen diote abestiak aukeratzen: The Police, AC/DC, Bruce Springsteen, Queen, Euskal Herriko musika taldeak… Erantzun ona jaso dutela dio. “Jendea balkoira ateratzen da abestera eta dantza egitera eta batzuk abestiak eskatzen dizkigute”.
Jarraitzaile sutsuenak bere atarian ditu. Esan bezala, Soraluze 10eko bizilagun gehienak musikariak dira: Maritxu eta Rosarito Mendizabalek pianoa jotzen ikasi zuten eta beraien seme-alaba eta biloba guztiei musika zaletasuna transmititu zieten. Soraluze 10ean Maritxuren hiru alaba bizi dira: Mailo, Amaia eta Mariaje. Mailo da musikarekin lotura ez duen bakarra. Mariaje txistularia da eta musika irakasle ikasketak egin zituen. Txistu eta zeharkako flauta ikasketak ematen ditu. Zumarragako bandan jo zuen, Kimetsen abestu zuen eta Zumarragako txistu kontzertuak antolatu eta zuzentzen ditu.
Maritxuren seme batek, Javierrek, Soraluze 10ean du bere negozioa. Javierrek piano ikasketak egin zituen, Goiargi abesbatza eta Gainzuri ikastetxekoa zuzentzen ditu eta Hondore abesbatzan abesten du. Nerea Urkiola bere emaztea ere musikaria da: piano irakaslea da, Kimetsen abestu zuen, Goiargi eta Hondore abesbatzetan abesten du eta Gainzuriko abesbatza zuzentzen du bere senarrarekin batera. Beraien alabak, Maialenek, biolontxeloa jotzen du eta Gainzuriko abesbatzan abesten du.
Rosaritoren familian ere musika zaletasun handia dute. Bere senarra, Joxe Lizarralde, On Santiagoren tiple abesbatzako kidea izan zen eta txistularia da. Beraien semeak, Mikelek, Zumarragako parrokiako abesbatzan zuzentzen du, parrokiako organo-jotzailea da, Goiargin abesten du eta Zumarragako bandan jotzen du.
Alabak, Anak, Kimetsen abestu zuen, biolontxeloa eta pianoa jotzen ditu eta musika eskolako idazkaria da. Bere seme nagusiak, Aitorrek, flauta jotzen zuen. Gazteenak, Markelek, gitarra jotzen du. Soraluze 10ean, disko festa ez ezik, opera bat ere egin daiteke!