Koronabirusak ez du atsedenik hartzen eta heriok ere ez. Aste honetan bi herritar ezagun hil dira: Joxe Leunda erlezaina eta Paulo Aranberri itzaina. Leunda 1937an jaio zen, Urretxuko Deskargabarrena baserrian. Arotz ofizioa ikasi zuen, baina laneko istripu bat tarteko, eskua galdu eta lanbidea utzi behar izan zuen. Orduan erleentzako txabolak egiten hasi zen. Bertako erlearen alde gogor lan egin zuen eta Gipuzkoako Erlezain Elkarteko kiderik beteranoenetakoa zen. Lekaio kultur elkarteko kidea ere bazen.
Aranberri 1945ean jaio zen Zumarragako Elorriaga Goikoa baserrian. Bere amona, Ezkioko Santa Lutzi auzoko Iriarte baserriko Marijuana Irastortza (amaren ama), oso idizalea zen eta haren eskutik zaletu zen. Aranberrik Gipuzkoan, Bizkaian eta Kantabrian antolatutako idi probetan parte hartu zuen. Zumarragako harri zaharrarekin, berak egin zuen marka onena: 47 plaza pasatxo. Marka hori ez du inork hautsiko, harria puskatu egin baitzen. Elorriagako idiekin puskatu zen, gainera.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide