Bihartik aurrera martxan izango da Otamotz herri atariaren webgune berritua. Otamotz aldizkariaren ale guztiak digitalizatu dira eta webgunean irakurgai izango dira, PDF formatoan. Elkarteek eta bizilagunek parte hartzeko aukera izango dute, ‘Komunitatea’ atalean.
Goierriko Hedabideak enpresak otamotz.eus webgunea berritu du. Urretxuko eta Zumarragako atariaren irakurleek bihartik aurrera gozatuko dute webgune berriaz. Irudia berritu da eta eduki berriak ere egongo dira. Berrikuntza hau Goierriko Hedabideak egiten ari den berrikuntza prozesuaren barruan kokatzen da. Duela hilabete batzuk GOIERRIKO HITZAren webgunea berritu zen, orain Otamotzena eta datozen hilabeteetan GoiBerrirena ere berrituko da. Berrikuntza honen helburuetako bat Goierriko Hedabideak enpresaren webgune guztiek plataforma bera erabiltzea da, denek antzeko itxura izan dezaten eta beraien arteko interakzioa hobea izan dadin.
Diseinua eta atalak berritu eta berregituratu egin dira, itxura sinple eta erabilgarriagoa emanez. Argazkiek indar handia hartuko dute. Horrekin batera, Otamotz aldizkariaren artxibo guztia digitalizatu egin da. Ale guztiak PDF-ra pasa dira eta bihartik aurrera webgunean kontsultatu eta irakurri ahal izango dira. Beste atal berri bat, komunitatearena izango da. Herriko elkarte, erakunde, eragile nahiz norbanako guztiek beraien perfila sortu eta parte hartzeko aukera edukiko dute.
Inoizko daturik onenak
Otamotz.eus ataria 2007an sortu zen eta pixkanaka, geroz eta irakurle gehiago lortu ditu.Martxoan inoizko daturik onenak izan ditu. Izan ere, komunikabideak berebiziko garrantzia hartzen ari dira itxialdi eta alarma garai honetan. Ez bakarrik medio handiak, baita herri komunikabideak ere. Horren adibide da Otamotzen webguneak azken asteetan izandako bisita kopuru handia. Urretxu eta Zumarragako atariak inoizko daturik onenak lortu ditu martxoan: dagoeneko 48.000 bisita jaso ditu, iaz garai berean zuenaren bikoitza baino gehiago. Goierriko Hedabideen webguneen bisita igoera orokorra izan da. Hori guztia dela eta, Hitza eta Otamotz webguneak egiten dituen lantaldeak irakurleen babesa eta jarraipena eskertu nahi du.