Mara Aranburu haurraren marrazki erakusketa ikusgai dago Soraluze kaleko balkoian.
Koronabirusak eragindako konfinamendua dela eta, balkoiei hamaika erabilpen ematen ari zaizkie. Erakusketa areto ere bilakatu dira: Mara Aranburu haur zumarragarrak bere balkoiko horma marrazkiz bete du, erosketetara bidean Soraluze kaletik pasatzen direnen gozamenerako.
Marak bi urte ditu. Hiru beteko ditu azaroan. Ekain anaiarekin, Amaia Rodriguez amarekin eta Mikel aitarekin bizi da. “Adituen aholkuak jarraituz, errutina bat ezartzea erabaki genuen. 09:30ean jaikitzen gara eta, gosaldu ondoren, jolastu eta kirola egiten dugu. 12:30ak aldera bazkaldu egiten dugu eta, siestaren ondoren, marrazkiak egiten ditugu. 20:00etan osasun arloko langileei txalo egiten diegu eta, ondoren, afaldu”, azaldu du Mararen aitak.
Horretaz guztiaz gain, egunero Marak egindako marrazki bat jartzen dute balkoiko paretan. “20:00etan jartzen dugu, osasun arloko langileei omenaldi txiki bat da. Jendeak balkoia oso polita dagoela esan digu”.