Zumarragako Eroskira sartzeko ilaran daudenek entzungo zuen asto hotsa egun hauetan. Txuti du izena, Mertzedariarren komentuan dago, eta Gregorio Zabalo zumarragarrarena da.
Janari-denden aurrean ilara luzeak daude egunotan. Zumarragako Eroskira sartzeko zain daudenek, asto baten arrantzak entzuten dituzte noizean behin. Balkoietako musikarien faltan, astoak alaitzen du itxaronaldia. Norena ote da asto hori? Non ezkutatzen da?
Astoak Txuti du izena eta Gregorio Zabalo zumarragarra da bere nagusia. Mertzedariatarren komentuan bizi da. Ez da asto arrunta: Donejakue Bidea lau aldiz egin du bere nagusiarekin.
2009. urtean, Gregoriok Donejakue Bidea astoekin egiten ari ziren erromes batzuk ikusi zituen Lizarran eta berak ere astoarekin egitea erabaki zuen. Bere anaiak baserrian asto bat zuen, baina ez zegoen ibiltzera ohituta. Animaliekin festarik festa ibiltzen den Goirriti zumaiarrarengana jo zuen eta asto bat erosi zion. Ondoren, saskiak jarri zizkion eta ibiltzera ohitu zuen.
Ordutik, lau aldiz egin dute Donejakue Bidea. Gainera, Olentzerori laguntzen diote eta Urretxuko Euskal Jaian parte hartu dute. Gregoriok Donejakue Bidea bosgarrengoz egin nahi du, baina azken urteotan bi istripu izan ditu eta oraindik ez dago sasoi betean. Ez du itxaropena galdu, dena den. Hori da egunotan behar duguna.