Jose Ignacio Ruiz de Alegriak (Quilmes, Argentina, 1966) 'Orfeo' zientzia fikzio liburua aurkeztu zuen martxo hasieran Zumarragan. Euskal Herrian bizi da 13 urte zituenetik.
Aspalditik Zumarragan bizi zara, baina Argentinan jaio zinen.
Buenos Aires hiriburuari itsatsia dagoen Quilmes hirian.
Quilmes? Hori ez al da Argentinako garagardo ospetsuenaren izena?
Hala da. Quilmes garagardoa Quilmes hirian egiten da. Garagardo hau Argentinatik kanpo ere saltzen da. Oso enpresa garrantzitsua da; hirian, funtsezkoa.
Noiz etorri zinen Euskal Herrira?
13 urterekin etorri nintzen. Gurasoak Argentinara joan ziren eta ondoren Euskal Herrira itzuli ziren. 1950eko hamarkadaren bigarren erdian joan ziren eta 1979an itzuli ginen.
Zertan lan egiten zuten gurasoek?
Aitak makina-erreminta enpresa bat zuen, Argentinan. Laborategientzat lan egiten zuen. Etorkizun hobe baten bila joan zen Argentinara, baina itzultzeko asmoarekin. Amerikara joan aurretik Irimo enpresan lan egiten zuen, oker ez banaiz. Ezer gabe iritsi zen eta gasolindegi batean hasi zen lanean. Nagusiari soldata aurreratzeko eskatu zion, zapata txukunik ez zuelako. Ondoren, tornulari lanean hasi zen. Bizikletan egiten zuen banaketa lana, bizikletari gurdia jarrita. Azkenean aipatutako enpresa ireki zuen eta 40 langile izan zituen.
Zertan lan egin zuen aitak itzuli zenean?
Erretiroa hartu zuen.
Argentinatik Euskal Herrira aldea nabaritu al zenuen?
Ez. Erraz egokitu nintzen. Hori bai, hemen hotz handia egiten zuela iruditzen zitzaidan. Garai hartan hemen elur asko egiten zuen.
Itzuli zinetenean 13 urte zenituen. Ikasketak hemen bukatu zenituen, beraz.
La Salle-Legazpi ikastetxean Lanbide Heziketa ikasi nuen etaondoren unibertsitatera joan nintzen. Ingeniaritza elektrikoa ikasi nuen. Hainbat enpresatan lan egin ondoren, hosting enpresa bat ireki nuen. Webgune biltegi bat nuen eta domeinu erregistratzailea izan nintzen. Ondoren, hosting enpresa saldu eta Ingalaterrara joan nintzen. Hodei konputazioan lan egin nuen eta Amazon World Services titulua atera nuen. Handik itzuli nintzenetik, idaztea da nire lanbidea. Ideia asko nituen eta idazten hasten ez banintzen buruak eztanda egingo zidala iruditzen zitzaidan.
Zenbat liburu idatzi dituzu?
Orfeo saileko bi liburu idatzi ditut. Zientzia fikziozkoak dira. Askatasuna da gaia. Etorkizuneko gizakiak laborategi batean eginda daude eta ondorioz ez dute erabakimenik. Jatorrizko gizakiak ez dira homo sapiens, homo deus baizik: izan ere, laborategian egindako gizakiak beraiek diseinatu dituzte. Orfeo ikertzaileak iraganetik etorkizunera bidaiatuko du eta laborategiko gizakiei benetako askatasuna zer den irakatsiko die. Askatasuna izateko, egia ezagutu beharra dago. Liburuak filosofiko samarrak dira, baina erraz irakurtzen dira. Zientzia fikzioa aukeratu dut, askatasuna ematen didalako. Baina liburuan agertzen diren munduak posibleak dira.
Zeintzuk dira zure idazle kuttunak?
Isaac Asimov, Tolkien, H.G. Wells… Filosofia eta teologia liburu asko ere irakurri ditut. Liburu hauek irakurketa horien guztien ondorioa dira.
Argentinara itzuli al zara?
Bai. Bi aldiz. Azkeneko aldiz, iaz. Argentina uste nuena baino hobeto dago eta asko pozten naiz. Buenos Aires inguruan pobrezia handia dago, baina hiriburutik kanpo hobeto bizi dira. Quilmes garai batean baino okerrago dago.
Argentinak krisi ekonomiko asko pairatu ditu.
Buenos Airesen nagusitzen denak hauteskundeak irabazten ditu. Hori dela eta, jendea Buenos Airesera eramaten du pentsio baten truke. Gainera, peronistek komunikabide guztiak kontrolatzen dituzte. Peronistek kontrolatzen ez dituzten tokietan, jendea hobeto bizi da. Peronistek dirua gastatu besterik ez dute egiten eta peronista ez den presidente bat heltzen denean, lan asko izaten du. Gainera, komunikabideak, epaileak… kontra izaten ditu. Euskal Herrian bizi naiz aspalditik, baina nire burua argentinartzat ere badut.