Miriam Gorostidi ingeniari biomediku zumarragarra Ugandara joan zen kooperante gisa, etxera itzuli behar izan zen eta koronabirusa ikertu behar du
Miriam Gorostidi ingeniari biomediku zumarragarra Ugandara joan zen martxoaren 6an, umezurtz-etxe baten lan egitera. Nahi baino lehenago itzuli behar izan zen, baina koronabirusaren ikerketan parte hartzeko aukera suertatu zaio.
Gorostidik Fort Portal herriko umezurtz-etxean lan egin zuen. “Bertako jendea oso atsegina da. Lehen egunean festa batera eraman gintuzten, bigarrenean turismoa egitera… Herrixketan pobrezia handia dago, baina umezurtz-etxea oso ondo dago. Sei eraikin daude eta bakoitzean arduradun bat dago. Arduradun bakoitza 10-12 haurrez arduratzen da. Nire lana arduradunei laguntzea zen: haurrekin jolastu, pixoihalak aldatu, jaten eman, ospitalera eraman…”.
Martxoaren 6an heldu zen eta bere asmoa bertan hiru aste igarotzea zen, baina martxoaren erdialdean itzuli behar izan zen. “Euskal Herrian konfinamendua hasi zen egunean, gu safari batean geunden. Gurasoek itzultzeko eskatu ziguten, kontsulak lehenbailehen itzultzea gomendatu zigun… Hasieran birusa ez zela Afrikara helduko esaten zuten, beroa dela eta. Baina Uganda ondoko herrialdeetan kasuak agertu ziren eta itzultzea erabaki nuen. Izan ere, asmatikoa naiz, bertako osasun sistema gurea baino askoz okerragoa da eta birusak han harrapatuko banindu oso gaizki pasako nuke. Itzuli eta lau egunera, Ugandak bere mugak itxi zituen”.
Koronabirusak bere ametsetako bat zapuztu du, baina aukera bikain bat ere eman dio: koronabirusari buruzko ikerketa batean parte hartuko du. “Positibo eman duten pertsonen laginak aztertzen lan egingo dut. Aukera bikaina da, baina ardura handia ere bai”.