Adinekoen egoitzetako "langileen osasuna, bizitza eta osotasun fisikorako eskubidea" babesteko eskatu du ELA sindikatuak, auzitegian hiru salaketa aurkeztuta. Egoitzak kudeatzen dituzten enpresentzat isunak eskatu ditu.
ELA sindikatuak gaur jakinarazi duenez, hiru salaketa jarri eta auzitara eramango ditu Ordiziako San Jose, Zumarragako Argixao eta Tolosako Iurramendi adinekoen egoitzak kudeatzen dituzten enpresak. Egoitza horietako “langileen osasuna, bizitza eta osotasun fisikorako eskubidea” babesteko eskatu dute salaketa horien bidez, eta “kautelazko neurriak” eskatu ditu, zuzendaritzak langile guztiei “berehala eman diezaizkieten homologatutako norbera babesteko ekipamenduak” eta langile guztiei “testak berehala” egiteko eskatu du. Ez hori bakarrik; “langileen osasuna bermatzen ez den egun bakoitzeko, zerbitzua kudeatzen duten enpresei isuna” jartzeko eskatu dio sindikatuak auzitegiari. Erresidentzetan “Osakidetzaren esku-hartze urgentea eta integrala” behar dela ere aldarrikatu dute, egoitza horietan “Covid-19aren kutsatzeen egoera kritikoa” dela iritzita.
Tolosa, Zumarraga eta Ordiziako egoitzak kudeatzen dituzten Zu eta Biok S.Coop, Gerozerlan eta Eulen Soziosanitario enpresen (hurrenez hurren) eta egoitza horien titularra den Foru Aldundiaren kontra jarri ditu ELAk aurrez aipatutako hiru salaketak. Bertan, “gidetan eta protokoloetan zehazten diren eta betetzen ari ez diren beste gai batzuk” betetzeko ere eskatu du sindikatuak, eta baita “erabiltzaileak behar bezala sailkatu, langileentzako prestakuntza eman eta kontingentzia-plan bat” egiteko ere. ELAren arabera “bereziki kezkagarria” da laneko baja hartu behar izan duten langileen egoera, “hainbeste langile bajan daudenez positiboagatik edo sintomak dituztelako, lan-kargak eta presio emozionala jasanezinak” baitira.
Gipuzkoako egoitza batzuetako egoera “dramatikotzat” jo du ELA sindikatuak. “Tolosako Lurreamendi, Ordiziako San Jose edo Arrasateko Iturbide egoitzetan, Covid-19ren erabiltzaile positiboak %80raino iritsi dira, eta kutsatuta edo bajan dauden langileak plantillaren heren bat dira”. Aldundiaren datuen arabera, Gipuzkoako egoitzetan hildakoak 90 baino gehiago dira dagoeneko; eta lurraldean Covid-19 gaitzagatik hildakoen %70 zahar egoitzetan eman dira.
Jarritako hiru salaketa horiek “lehenak” izan direla aurreratu du sindikatuak, baina aste honetan zehar “langileen osasuna, bizitza eta osotasun fisikorako eskubidea babesteko beste herrialdeetako egoitzetara ere” zabalduko dituzte salaketa horiek.