Hiru saltzailerekin egin dute gaur Zumarragako asteroko azoka. Larunbatetik aurrera, egun naturala mantenduko dute.
Larunbateroko azoka, gaur egin dute Zumarragako plazan. Eusko Jaurlaritzak tokian tokiko azokak baimentzeko erabakia jakinarazi zuenean, Zumarragako Udalak, larunbatean bertan behera gelditutako azoka, asteartean egitea proposatu zien baserritarrei. Gaurkoa, azoka egiteko ezohiko eguna izanda, aurreko bi larunbatetan baino saltzaile gutxiago izan dira, hiru guztira. Dena den, datorren larunbatean eta hortik aurrera postu gehiago izango direla aurreratu dute.
Segurtasun neurri bereziak hartuta egin dute gaurko azoka: “Bezeroek hilaran jarri behar dute lehenik, eta banaka sartuko dira postuak dauden tokira. Jarri dugun zirkuitoa errespetatu beharko dute. Norabide bakarrean mugitu ahalko dira, beste bezeroekin ez gurutzatzeko eta jarraitu beharreko aholkuekin kartela jarri dugu”, esan du azokaren sarreran dagoen teknikariak.
Baserritarrei dagokienez, “haiek ere segurtasun neurriak errespetatzen ari dira; mostradorean ezin dute produkturik jarri, maskara eta eskuzorroak jantzita daude eta desinfektantea dute eskura”.
Asier Agirre gabiriarra, Zumarragako azokan barazkiak saltzen egon da gaur. Esan du, “lehenengo sektorea dagoen egoeran egonda, eta produktuak ateratzeko aukera bakarrenetakoa izanda, azokak egitea derrigorrezkoa” dela. Bezeroen aldetik “jarrera ona” nabarmendu du, “erostera datoz, eta poltsakarak eramaten dituzte gainera”, beraz alde hortatik, “pozik” agertu da. Agirre, datorren larunbatean ere Zumarragan izango da. Baina Zumarragan postua jartzeaz gain, asteazkenetan Ordiziara eta ostiraletan Legazpira joan ohi da: “Ordizian, bezeroek telefonoz deitu, eta eskatutakoa, poltsetan Ordiziako Udaletxera eramaten dut, eta ondoren, bezeroa handik bila pasatzen da”. Legazpin berriz, “bezeroak baserritarrari telefonoz eskaera egin, guk eskatutako prestatu, Legazpiko udaletxera eraman eta handik bezeroen etxeetara eramaten dute erosketa”.