Europako Parlamentuan lan egiten duen Jon Altolagirre urretxuarrak astero testu bat idatziko du Otamotzerako. Aste honetan aberriari buruz idatzi du.
Aberriaz
Kontzeptu zaharra da aberria, latinetik datorren patrĭa hitzetik datorrena, XVIII. mendeaz geroztik Europako iraultza moderno eta garaikideek birformulatutakoa. Berdintasunaren kontzepzio negatiboena osatu zuten garaiko pentsalariek, aberria, hizkuntza bakarrak, arraza bakarrak, kultura bakarrak barnebildu behar zuela defendatzen baitzituen, eta halaxe egin zuten Europan sortu ziren nazio-estatu modernoek.
Antzeko prozesua bizi izan zuen Belgikak, 1830an bere independentzia aldarrikatu baitzuen, garaiko geopolitikak lagunduta. Bi komunitate nagusik osatzen dute herrialdea, flandriarrak iparraldean eta valoniarrak hegoaldean, nahiz eta hasieratik harreman desorekatua izan den. Garai hartan Frantziak lortu zuen eragin esparrua, maila militarrean eta kulturalean, nazio bat-hizkuntza bat-arraza bat kontzeptua inposatzen saiatu zen eta, besteak beste, Brusela hiriburua, ordura arte flandrieraz mintzo zena, hurrengo hamarkadetan Belgikako eliteek frantsestu zuten.
Gaur egun egoera bestelakoa da: Belgikako eliteak, hein handi batean, Flandriako burgesiak osatzen du, eta Flandrian urteak dira mugimendu abertzale eta independentistak gobernatzen duena; baita Belgikako gobernu federala ere, azken urteetan izan den noraez politikoa tarteko. Gizarte arloko hainbat politika eztabaidagarri gorabehera, Flandriak aurrerapauso nabarmenak eman ditu independentziarako bidean, de facto estatu baten moduan ari baita, herritarren arteko onarpena areagotuz eta kasu askotan erreferentziazko aberri-eremua bihurtuz, Belgikaren beraren gainetik.
Igande honetan Aberri Eguna ospatu dugu euskaldunok, esango nuke, egoerak egoera, arrakastaz. Nahiz eta Euskal Herritik 1200 kilometrora egon, aukera izan dut Euskal Herria Batera-k antolatutako ekimenera bat egiteko. Aberria egunero egiten omen da, baina estatu bat osatu nahi dugunok argi izan beharko genuke abegikorra eta inor bazterrean utziko ez duena beharko duela izan, sentimendu eta kultura guztiek euren tokia izango dutena. Horixe baita gaur egungo aberriaren erronka: barnebiltzen duen aniztasuna arrakastaz kudeatzea, eta herritar oro proiektu komun batean partaide sentiaraztea.