Ogia, arrautzak, esnekiak, fruta, barazkiak, bakailaoa eta txarkuteria erosi ahal izango dira
Eusko Jaurlaritzak merkatuak antolatzeko baimena eman duenetik, Zumarragako Udalak larunbateko azokan ahalik eta saltzaile kopuru altuenari tokia egiten saiatu da. Bihar 16 postu egongo dira. Ogia, arrautzak, esnekiak, fruta, barazkiak, bakailaoa, urdaitegiko produktuak eta ereiteko landareak erosi ahal izango dira, besteak beste.
Azoka 10:00etatik 13:00etara egongo da zabalik. Orain arte bezala, segurtasun neurriak hartuko dira. Sarrerak eta irteerak udaltzainek arautuko dituzte eta erosleak ate batetik sartu eta beste batetik irtengo dira. Saltzaileek maskarak eta eskularruak erabiliko dituzte eta eskuak desinfektatuko dituzte salmenta bakoitzaren ondoren. Postu batetik bestera segurtasun distantzia egongo da eta postu bakoitzean saltzaile bakarra egongo da.
Erosleei dagokienez, familia bakoitzeko erosle bat egongo da. Gunean sartu aurretik, eskuak garbitu eta eskularruak jarri beharko dira. Materiala udalak jarriko du.
65 urtetik gorakoei eta arrisku taldeetako kideei ez joatea gomendatu diete, ez erostera eta ez saltzera. Udalak irekiera ordua baino lehen ez hurbiltzeko eskatu die herritarrei, jende pilaketarik sortu ez dadin. Bestalde, Jai-Alaiko (Zelai Ariztiko) sarrera itxita egongo da, segurtasun neurriak bermatu ahal izateko. Herritarrak Soraluze kaletik, Legazpi kaletik edo beste aldeko eskaileretatik sartu beharko da plazara.