ETBko 'Eguraldia' saioan sarritan erakusten dituzte Aitor Agirrezabal urretxuarrak ateratako argazkiak
ETBko Eguraldia saioan ikusleek ateratako argazkiak erakusten dituzte eta arrakasta gehien duen ikusleetako bat Aitor Agirrezabal urretxuarra da. Astero bere argazkiren bat ikus daiteke.
Agirrezabalek 49 urte ditu eta gaztetan zaletu zen. Paisaiak eta animaliak atsegin ditu, batez ere. Duela hiru urte hasi zen Eguraldia saiora argazkiak bidaltzen. Eguraldia saioan azaldu zen bere lehen argazkian Beriain mendia ageri zen.
Ia egunero argazkiren bat bidaltzen du eta Irimo mendia Euskal Herria osoan ezagun egin du. Gainontzeko ikusleek bidaltzen dituzten argazkiei esker toki “zoragarriak” ezagutu ditu. Orkatzategi, adibidez. Gainera, lagunak egin ditu. Behin beste ikusle batekin topo egin zuen Txindokiko gailurrean. Txomin Rezolarekin, hain zuzen ere. “Bi argazki ezberdin ateratzea erabaki genuen eta biak bidali genituen. Eguraldia saioan biak erakutsi zituzten. June Ansoleagak aurkezleak Txindokin elkartu ginela aipatu zuen”.
Horra hor Agirrezabalek ateratako argazki batzuk.