Lehen asmoa atzeratzea eta udazkenean egitea zen, baina bertan behera uztea erabaki dute azkenean
COVID-19a dela eta, aurten ez da Iñaki Beitiaren omenezko mendi martxa egingo. Horra hor antolatzaileek kaleratutako oharra: “Konfinamendu egoera ezarri zenetik, garbi izan dugu aurtengoan ezingo zela ohiko datan, maiatzeko azken-aurreko igandean, egin. Gizarte osoaren osasuna jokoan egonik, arduraz jokatzeko unea da eta erabaki zuzena iruditzen zaigu. Lehen asmoa eguna atzeratu eta udazkenean egitea izan zen. Dagoenekoz urrian pentsatzen hasiak ginen, baina hausnarketa luze eta sakonago baten ondoren, denontzat hoberena eta egokiena izango delakoan, 2020 urteko edizioa behin betiko bertan behera uztea erabaki dugu. Ziur gaude 2021ean egoerak hobera egingo duela, eta inoiz baino indar eta gogo handiagoarekin berriz agertzeko mehatxua egiten dugu. Gure erabakia ulertuko duzuelakoan, eskerrik asko orain arte erakutsi diguzuen babes, errespetu eta leialtasunagatik. Aupa Iñaki!!!”.