Gorka Hermosa: "Berlingo Filarmonikan aurkeztu behar nuen diskoa, Facebook bidez aurkeztuko dut hilaren 24an"
Gorka Hermosa (Urretxu, 1976) akordeoilariak diskoa aurkeztu behar zuen maiatzaren 16an Berlingo Filarmonikan. Kontzertua atzeratu egin behar izan dute eta diskoa datorren ostiralean aurkeztuko du, Facebook bidez.
Zer moduz doa konfinamendua?
Mingo herrian bizi naiz, Santanderretik 15 kilometrora. Emaztearekin eta bi alabekin bizi naiz. 7 eta 4 urte dituzte. Denok osasunez ondo gaude eta hori da garrantzitsuena. Urretxuko familiarekin harremanetan gaude, noski, eta aitona-amonak eta gurasoak ere ondo daude. Hori oso garrantzitsua da. Itsasoaren ondoan bizi gara, etxean lorategi txiki bat dugu, oso toki lasaia da… Zortekoak gara. Gainontzeko guztia, bigarren maila batean dago.
Lanean ari al zara?
Bai. Emaztea eta biok musika irakasleak gara eta eskolak Skype bidez ematen ditugu. Aldaketa handia da, baina ondo daramagu. Bidaia asko egin behar nituen urteko garai honetan eta, horren ordez, alabez gozatzen ari naiz. Bestalde, asko ari naiz konposatzen. Lan asko ari naiz egiten.
Egitasmo asko al zenituen udaberrirako?
Bai. Hau guztia desastre itzela da. Akordeoi eta orkestra disko bat grabatu dut eta maiatzaren 16an aurkeztu behar nuen Berlingo Filarmonikan. Madrilen prentsa kanpaina handia egin behar nuen diskoa aurkezteko. Komunikabide askotan elkarrizketak egin behar zizkidaten. Hori lortzea oso zaila da eta dena erori egin da. Berlingo Filarmonikan beste data bat eman digute: datorren urteko martxoa. Moldatuko gara, baina… Horretaz gain, kontzertu asko bertan behera gelditu dira: Ukrainiako auditorio nazionalean, Barakaldoko bandarekin, klarinete laukote batekin Errenterian… Kontzertu horiek guztiak prestatzeko sekulako lana egin dut, bidaietako dirua berreskuratzeko borrokatu behar izan dut… Baina, tira, garrantzitsuena osasuntsu eta alai egotea da. Gainontzekoa, konponduko dugu.
Zuzeneko emanaldi bat egin behar duzu.
Hilaren 17an izan behar zen, baina 24an egingo dut. Berlingo aurkezpena atzeratu egin denez, Internet bidezko aurkezpen txiki bat egingo dut. Facebook Live bat egingo dut, 20:00etan. Disko berriko kantak eta jendeak eskatzen dizkidanak (nire errepertoriokoak, noski) joko ditut eta jendearen galderak erantzungo ditut. Diskoa egun horretatik aurrera plataforma digital guztietan egongo da. Oso disko polita da. Nire abesti kuttunak hautatu ditut eta orkestrarako idatzi. Jendearekin konpartitzeko gogo handia dut.
Nola sortu da disko hau?
Duela urte batzuk akordeoilari gazte batek lehiaketa bat irabazi zuen eta saria Euskadiko orkestrarekin jotzea izan zen. Nire kanta bat hautatu zuen eta asko gustatu zitzaien. Hala, ordu beteko kontzertua prestatu genuen. Gernikaren bonbardaketaren urteurren egunean jo genuen. Gernika pieza eta beste bederatzi jo genituen. Sekulako lana izan zen, baina baita nire bizitzako kontzertu berezienetako bat ere. Horren ondoren, nire kanta horiek munduko 20 orkestra ezberdinek jo dituzte: Korean, Turkian, Brasilen, Amerikako Estatu Batuetan, Europako herrialde ezberdinetan… Abesti horiek horren azkar zabaldu izanak, disko batean jasotzera bultzatu nau.
Iparragirre 2020 egitasmoaren barruan kontzertu bat egiteko asmoa duzu.
Ekainaren 16rako dago iragarrita, soka orkestra batekin, abesbatzarekin eta musikari ezagunekin. Oraindik ez da atzeratu, baina atzeratu egingo dela pentsatzen dut. Aurrerago egingo dugu. Iparragirreren musika berrinterpretatuko dugu. Oso kontzertu polita izango da.
Bukatzeko, nola uste duzu irtengo dela kultura mundua ataka honetatik?
Uf… Dena geldirik dago. Kulturak 700.000 langile ditu Estatuan eta oso gutxi hitz egiten da sektore honen krisiari buruz. Lehentasunak beste batzuk izango dira eta epe motzera ez naiz oso baikorra, baina gizakiok halako egoeretan dugun onena ematen dugu eta epe ertain-luzera hau guztia bideratzen jakitea espero dut.