Mendi lasterketetako euskal selekzioa egunero bere korrikalari baten berrogeialdiaren berri ematen ari da eta gaur Mayi Mujika urretxuarrari egin dio elkarrizketa
Mendi lasterketetako euskal selekzioa egunero bere korrikalari baten berrogeialdiaren berri ematen ari da eta gaur Mayi Mujika urretxuarrari egin diote elkarrizketa. Horra hor:
Nola daramazu berrogeialdia?
Nahiko ondo, espero baino hobeto ! Denbora, ahalik eta gehien aprobetxatzen saiatzen naiz: irakurri, kirola egin, etxeari errepasoa eman… Badira gauzak faltan botatzen ditudanak, batipat, etxekoekin eta lagunekin egotea, mendia, furgonetarekin bidaiatzea… Baina ondo moldatu naiz egoera berrira.
Sasoia mantentzeko zein entrenamendu mota egiten ari zara?
Etxean ia denetarik daukat, indarreko lana egiteko materiala eta arrabola besteak beste. Bikoteak, Facebook bidez zuzenean eskeintzen dituen saioak jarraitzen ditut egunero, eta horrez gain, bizikletari, tarteren bat gehiago eskeintzen diot. Yoga probatzeko astia ere izan dut. Belauneko lesio batetik errekuperatzen ari naiz, beraz, fisioak bidalitako ariketak ere fin-fin egiten ditut egunero. Zinta falta zait, beraz korrikarik ezin dut egin !
Aurten, zein egutegi egiteko asmoa zeneukan?
Munduko Kopa egiteko asmoa neukan. Begiz jota nuen Madeirako (Portugal) lasterketa, ezagutzen ez dudan toki batean jokatzekoa zelako, eta nire ezaugarrietara ondo egokitu zitekeelako, luzea eta gogorrra den lasterketa baita. Berez, egutegia itxi gabe neukan arren, Livigno (Italia), Comapedrosa (Andorra), Tromso (Norvegia), eta Gorbeia bezelako lasterketan parte hartzea zen nire asmoa.
Ekainetik edo uztailetik aurrera zerbait jokatuko denaren esperantzik baduzu?
Mundu mailan zaila ikusten dut lasterketak antolatzea, izan ere, nazioarteko bidaien kontua ez dakigulako nola egongo den etorkizun hurbilean. Nik uste, udazkenera begira, Euskal Herrian ospatuko direla lasterketak, eta bertan parte hartzea gustatuko litzaidake. Karakateko (Gipuzkoa) igoera, munduko txapelketa, horietako bat izanik (barrezka).
Zein ziren 2020rako zure helburuak?
Iaz hasitako bideari jarraipena ematea zen helburua, eta esperientzia hartzen jarraitu, oraindik asko daukadalako ikasteko. Baina batez ere, egiten dugun honetaz gozatzen jarraitzea zen neure helburua, toki berriak ezagutu, talde giroaz gozatu…