Aurrekontua 25.000 eurokoa da. Urolako lehen lehendakaria izan zen Urdangarin. Zumarragako eta Urretxuko klubak 50. urteurrena ospatuko du datorren urtean
Zumarragako Udala 250 lagunentzako harmaila egiten ari da Argixaoko bigarren zelaian. Futbol zelai hau 2016. urtean inauguratu zen eta Luis Urdangarin izena eman zioten. Urolako lehen lehendakaria izan zen Urdangarin. Klub honek 50. urteurrena ospatuko du datorren urtean.
Mikel Serrano alkateak prentsaurrekoa eman zuen ostiralean egitasmoa aurkezteko. Hasteko, harmaila egitearen arrazoiak azaldu zituen. «Zelaia egin zenean harmailaz hitz egin genuen, baina egiteke gelditu zen. Futbol zelai honetan Urolaren talde askok jokatzen dute eta ikusleek partidak eserita ikustea merezi dute».
Sei ilarako hiru modulu egiten ari dira. 250 lagun eseri ahal izango dira, guztira. Gainera, lau panel jarriko dira beste horrenbeste lemarekin: Kirola euskaraz, Kirola errespetuz, Kirola elkartasunez eta Kirola berdintasunez.
Obra urtarrilean hasi zen eta alarma egoera dekretatu zenean gelditu egin behar izan zuten. Duela egun batzuk lanak berrabiarazi zituzten eta herritarrei instalazioa erabiltzeko baimena ematen zaienerako bukatzea espero dute. Aurrekontua 25.000 eurokoa da. «Herriko obra gehienak eskualdeko enpresak egiten ari dira. Udalak konpromiso hori hartu zuen eta covid-19aren eragina arintzen lagunduko du».
Luis Urdangarinen omenez
Argixaoko bigarren zelaiak Urolako lehen presidentearen izen-abizenak daramatza. Luis Urdangarin 1928an jaio zen eta 2011n hil. Herriko merkatari familia ezagun batekoa zen. Bere birraitonak, Juan Miguelek, Urdangarin burdindegia ireki zuen eta bere aitonak, Diegok, egun Maite gozodenda dagoen tokian zegoen denda. Luisek, bere aita Laureano eta bere ama Ana Berriotxoarekin batera, Urbe denda ireki zuen 1949an.
Merkataria ez ezik, futbolaria ere izan zen. Zumarragan eta Legazpin jokatu zuen eta Urolaren sortzaileetako bat izan zen. Zumarragako eta Urretxuko klubeko lehen lehendakaria izan zen, 1971tik 1973ra hain zuzen ere. Urdangarinek eta zuzendaritzako gainontzeko kideek ezerezetik klub bat sortu zuten: udalak Argixao futbol zelaia eraikitzea lortu zuten, jokalariak eta entrenatzaileak lortu zituzten, futbolari jantziak erosi zituzten…
Urolaren lehendakaritza utzi ondoren, Federazioarentzat delegatu lana egin zuen. Partidetara joaten zen, ondoren Federazioan jazotakoaren berri emateko. Urdangarin Real zale sutsua ere izan zen. Realeko bazkidea izan zen, bai Atotxan eta bai Anoetan. Gainera, bere seme-alabei Realarekiko zuen maitasuna transmititu zien: bost seme-alabetik lau Realeko bazkideak dira.
Horra hor Luis Urdangarinen bi argazki. Goikoa Urolako lehendakaria zen garaikoa da (zutik, ezkerretik laugarrena) eta behekoan Legazpiko Ilintxa taldearekin ageri da (makurtuta, eskuinetik lehena).