Iker Serrano (Urretxu, 1984) Bidasoa eskubaloi taldeko kapitaina da. Hendaian bizi da eta Iparraldean konfinamendua Hegoaldean baino eramangarriagoa dela dio.
Zer moduz Hendaian?
Ondo. Hondartzaren eskuinaldean dauden bi tontorretan bizi naiz. Oso toki atsegina da. Eguraldi nahiko ona egiten ari da, gainera. Argia ikusi dezakegu. Primeran.
Alde handia al dago Iparraldeko eta Hegoaldeko konfinamenduen artean?
Iparraldeko herriak eta etxeak ezberdinak dira. Herriak zabalagoak dira eta etxeek solairu gutxiago dituzte. Gainera, eraikin batetik bestera distantzia handiagoa dago. Alde horretatik, hobeto gaudela uste dut. Iparraldeko herriak atseginagoak dira konfinamendu garairako.
Gainera, Frantziako gobernuak egunero ordu betez kalera ateratzen uzten dizue.
Hala da. Egunero kalera ateratzen gara, paseatzera edo korrika egitera. Egunero aukera hori edukitzea oso ondo dago. Konfinamendua jasangarriagoa egiten du. Arindu egiten du. Hasieratik utzi digute hori egiten.
Iparraldeko eta Hegoaldeko herritarren jarreren artean aldeak nabaritu al dituzu?
Hemen ez da hainbeste jende ikusten supermerkatuetan. Bestelakoan, hemen ere maskarak eta eskularruak erabiltzen saiatzen ari gara. Alde handiena ordu bete irteteko aukera dela uste dut.
Hegoaldean iritzi ezberdin asko daude eta egunero pizten da eztabaidaren bat. Iparraldean ere hori gertatzen al da?
Ezetz iruditzen zait. Mugaren beste aldean eztabaida iturri izan den gaietako bat paseoena da eta hemen lehenengo egunetik utzi dute kalera irteten. Egunero ikusi ditugu gurasoak seme-alabekin paseatzen. Egia da ere Hendaia oso herri zabala dela. Denok lasai paseatzeko tokia dago eta dendetako jende ilara ezberdinek ez dute bat egiten. Ez dago masifikaziorik eta horrek askeago mugitzea ahalbidetzen du.
Zertan ematen duzu eguna?
Egia esan, eguna joan, eguna etorri, energia galtzen ari naiz. Ariketak egiten ari naiz, sasoia ez galtzeko. Horretarako, pisu errusiar batzuk eskuratu ditut. Ez dut kilorik hartu eta hori poztekoa da. Izan ere, ordu asko ematen ditugu eserita eta etzanda. Egun asko daramatzagu askatasuna mugatuta eta pisutsua egiten ari da. Gurasoak eta lagunak besarkatzeko gogoa dut. Baina, tira, denok berdin gaude eta erlatibizatzen saiatu behar da.
Sukaldean ondo moldatzen al zara?
Beti gustatu zait sukaldatzea. Orain, denbora gehiago dudanez, errezeta berriak egiten ari naiz. Telesail eta pelikula asko ikusiko nituela usten nuen, baina ez ditut hainbeste ikusi. Dokumentalen bat ikusi dut eta asko ari naiz irakurtzen. Kirola, sukaldea, garbiketa, gurasoei, anaiari eta lagunei deitu… konturatzeko eguna joan zait.
Bidasoako kapitain bezala, zeregin berezirik ba al duzu?
Zuzendaritzaren eta jokalarion arteko bitartekari lana egiten dut. Aldi bateko lan erregulazio espedientea eskatu ez duen Asobaleko talde bakarra gara. Aipatu beharrekoa da, zuzendaritza lan bikaina egiten ari baita.
Ba al dakizu zer gertatuko den Asobal ligarekin?
Oraindik ez da erabakirik hartu. Denboraldia bukatutzat emango dute, seguru aski. Europan jokatzeko postuak, igoerak eta jaitsierak jokoan daude eta liskarrik ez dela faltako suposatzen dut.
Zuk zer nahiago duzu?
Nire ustez, ezin ditugu falta diren partidak jokatu. Izan ere, kontratu asko maiatza amaieran amaitzen dira. Ea datorren denboraldia normaltasunez hasten dugun.
Zuk noiz arte duzu kontratua?
2021eko abuztura arte. Denboraldi bat gehiago.
Julen Aginagaldek etxera itzultzea erabaki du eta zuekin jokatuko du.
Lagun mina dut eta ilusioa egiten dit. Sekulako fitxaketa da. Ea hobetzen laguntzen digun.
Aspalditik ezagutzen al duzu?
Bai. Urolarekin bere aurka jokatu nuen. Ondoren, Bidasoaren bigarren taldean elkarrekin jokatu genuen. Teknika hobetzen bazuen, urrutira helduko zela ikusten zen. Biok postu berean jokatzen dugu, gainera. Erreferente bat da niretzat. Sekulako jokalaria. Fisikoki, aparta.
Noiz arte jarraituko duzu Bidasoan?
Datorren denboraldia azkena izango dela uste dut. Bidasoa hazten ari da eta gazteei lekua utzi behar zaie. Kluba goraka doa eta ni, berriz, beheraka. Ez dut erabaki zer egingo dudan Bidasoa uzten dudanean. Beharbada, liga exotiko batera joango naiz.
Bidasoaren Europako Koparen 25. urteurrena ospatzeko asmoa zenuten.
Pena izan da atzeratu behar izana. Bidasoak Europako Kopa irabazi zuenean, 11 urte nituen. Finala telebistan ikusi nuen, aitarekin. Garaipen hark eskubaloian jokatzera animatu ninduen.
Zer egingo duzu konfinamendua amaitzen denean?
Urretxura joan, noski, gurasoak, anaia eta lagunak besarkatzera. Horretaz gain, kirol denda batera joango naiz eta materiala erosiko dut, berriro horrelako zerbait gertatzen bada prestatuta egoteko.