Sarituei txekeak emango dizkiete, Urretxu eta Zumarragako dendetan gastatzeko
Argazkia elkarteak argazki lehiaketa bat antolatu du Urretxu eta Zumarragako merkatariei laguntzeko eta argazki zaletasuna sustatzeko. Sarituek txekeak jasoko dituzte, bi herrietako dendetan gastatzeko.
Lehiaketan nahi duten bizilagun guztiek parte har dezakete. Bi maila daude: haurrena (16 urte arte) eta helduena. Gaia konfinamendua da eta argazkiak etxetik atera behar dira. Parte hartzaileek hiru argazkiz osatutako bildumak aurkeztu behar dituzte. Posta elektronikoz bidali behar dira, argazkielkartea@gmail.com helbidera. Larunbateko 14:00ak baino lehen bidali behar dira.
Mezuan egilearen izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia eta adina jarri behar dira. Argazkiak .jpg formatoan bidali behar dira, erresoluzio txikian. Etzanak badira, alde luzeena 1.014 pixelekoa izan behar da eta zutikakoak badira, 768 pixelekoa.
Epaimahaiak hilaren 21ean emango du ezagutzera bere erabakia. Lehen saria 175 eurokoa da, bigarrena 150 eurokoa eta hirugarrena 125 eurokoa. Haurrei dagokienez, lehen saria 100 eurokoa da, bigarrena 75 eurokoa eta hirugarrena 50 eurokoa.