Zumarragako EH Bilduren udalgintza taldeak bizi dugun egoerari buruzko iritzi artikulua idatzi du
Ez dira betiko garai onenak kantatzen zuen Hertzainak taldeak eta ez dirudi udaberri berririk datorrenik guretzat, mundu zabalean bizi direnentzat eta Zumarragan bizileku dugun herritarrontzat. Ezin esan barealdian geundenik, baina izurritearen ekaitzak gogor jo gaitu: etxeetan eman ditugu asteak konfinaturik, Argixaoko egoitzan heriotzak jazo dira, denda, taberna eta jatetxe gehienak itxirik, langile batzuk baldintza prekarioetan lanean, eskolak itxita, enpresen jarduera etenda, eta gainera, gure gertukoak ezin ukitu eta besarkatzearen mina. Orain lasaiguneak ditugun arren, gogorrena ez da igarotzen ari garen unea, zer etorriko den ez jakitearen ezinegona baizik, ziurgabetasuna eta zaurgarritasuna.
Zumarragako udalak ere hartu ditu bere neurriak eta Zumarragako Euskal Herria Bildu erabaki askoren partaide izan da eta udal-gobernuari gure babesa eskaini diogu une zail eta gogor hauetan, lankidetzan arituz eta leialtasunez jokatuz. Udal gobernuak ere lankidetzaren alde egin du, komunikazio-kanal jarrai bat irekiz eta gure ekarpenak aintzat hartuz. Etorkizunean ere, ekaitzaren ondorengo barealdian, bide honetan sakontzea nahiko genuke.
Zaurgarrienenen alde dauden neurriak proposatu genituen hasieratik (elkartasun sare komunitarioa eratzea, adin batetik gorako pertsonei bakardadean laguntzea, gizarte-zerbitzuak indartzea), azpikontratatutako enpresekin ez etetea, hezkuntzarako eskubidea bermatzea (interneteko konexioak eta baliabideak eskainiz ikasle eta familiei), dolua egiteko baliabideak jartzea, larunbateko merkatua martxan jartzea, kultur sortzaileak laguntzea, migranteak babestea, estrategia ekonomiko adostu bat eraikitzea eta kontrolean indarra jarri beharrean, herritarren erantzunkizunean jartzea azpimarra. Gauza batzuk beste modu batera egingo genituzkeen gobernuan bageunde, beste batzuk ziurrenik ez ziren bideragarriak izango, baina gehienak kontutan hartu dira eta hori oso garrantzitsua da.
Etorriko den mundua beste bat izango da, etorriko den herria ere bai. Orain arteko ziurtasunek (gutxi baziren ere) ez dute askorik balio eta dagoeneko kolokan zegoen gizarte- eta gobernantza-eredua eraldatzea dagokigu; eta guri dagokigu, munizipalismo eraldatzailetik, tokian tokian geurea eraikitzea, kasu honetan Zumarragan. Lankidetza publiko-komunitarioa ezinbestekoa izango da, gobernantza-eredu erresilienteagoak eta alderdien artean lankidetza estrategikoa. Zumarragak zituen erronka sozial, klimatiko, ekonomiko eta demografikoek (langabezia-tasa Gipuzkoako handienetakoa da eta joera ez zen ona osasun-krisiaren aurretik ere, errenta pertsonal baxuagoa, kualifikazio-maila baxuagoa, biztanleriaren beherakada, zahartze handiagoa eta ehun produktibo ahula, besteak beste) garrantzi handiagoa hartzen duten oraindik orain, udalaren egoera ekonomikoa ere gehiago okertuko dela aurreikus dezakegu (Aldundiak jakinarazi du dagoeneko fondo forala % 20-25 murriztuko duela eta zerga nahiz tasetatik ere murriztuko dira udalaren diru-sarrerak) eta behar sozialak ere areagotu egingo dira (Neke emozional eta psikikoa, prekarietatea, langabezia handiagoa,…).
Beraz, eskatuko ditu gizarte-zerbitzu publikoak indartzea eta egokitzea, krisian lehen lerroan egon diren langileen baldintzak duintzea, komunitate-sare indartsuak eratzea, inbertsio-politikari norabide berria ematea, talka-plan ekonomiko indartsu bat garatzea mankomunitateko herriekin elkarlanean eta udalak epe luzeko estrategia ekonomiko-finantziero berritu bat izatea. Eta hori guztia lankidetzaren bidez burutu behar dugu, izan ere, ziurgabetasunari eta zaurgarritasunari erantzuteko modurik onena elkarrekin egitea eta ekitea da. Lankidetza eremu guztietan; lankidetza herritarren artean, lankidetza udala eta eragileen artean, lankidetza alderdien artean eta lankidetza mankomunitateko herrien artean. Paradigma aldaketa oso bat.
Aurtengo urterako martxan genuen kudeaketa-plana egokitu egingo du Zumararrgako EH Bilduk, izan ere, ireki zaigun agertokia erabat desberdina da eta herritarren beharrak ere bai. Jarraituko dugu, hori bai, orain arte praktikara eraman dugun lan egiteko moduarekin eta herritar nahiz auzoekin elkartuz, beharrak entzunez eta erantzukizunez jokatuz.
Eta orain hemen aurkitzen gara Ezin eutsi izan giñana, baina bilatu dezagun beste lekuetan pasarteek inoiz baino indar handiagoa hartzen dute, non publikotasuna eta komunaren berrindartzea, auzolana eta elkarzaintzaren balioa, osasuna eta pertsonak erdigunean jartzea, mugikortasuna eraldatzea, tokiko ekonomia indartzea, herri-proiektu hezitzaile bat izatea, kultur sorkuntzaren indarra eta trantsizio ekologikoa izango diren gure iparrak. Mundu berri bat daramagu bihotzean –Hertzainaken diska baten izena da– (Beste mundu bat dator eta ez dakigu nolakoa), beraz, eraiki ditzagun gure herritik eta auzotik hasita bizitza bizigarriagoak, sortzaileagoak, askeagoak eta berdinzaleagoak izateko baldintzak. Elkarrekin gaindituko dugu posible denaren markoa !
Gora Zumarraga eta gora zumarragarrak !
Idoia Agirre Castaño, Aritz Elgarresta Berasategi, Ainhoa Osinalde Zaldua, Eñaut Urbizu Etxabarri, Josu Aztiria Urtaran eta Zumarragako EH Bilduren udalgintza lantaldea.