Ostiralean eta larunbatean San Isidro jaiak ospatuko dituzte Zumarragako Eitza auzoan. Kalean ezin denez festarik egin, balkoian ospatuko dituzte. Balkonin Fest deitu diete. Eitzak auzo izaerari eusten diola uste du Nerea Mendiak.
Zer moduz moldatu zarete konfinamenduan?
Nahiko ondo moldatu gara, egoera zein zen ikusita. Izan ere, 18 urteko seme bat eta 17 urteko alaba bat ditugu: batak selektibitatea du aurten eta bestea Batxilergoko lehen maila ikasten ari da. Zail samarra izan da. Denek haurrei buruz hitz egin dute, baina gazteentzat ez da erraza izan egun guztia gurasoekin ematea. Dena den, gure arteko harremana sendotzeko balio izan duela uste dut.
Zer egin duzue eguna betetzeko?
Oso telebista gutxi ikusi dugu. Albistegiak ez ditugu ikusi. Dramatiko samarrak ziren eta seme-alabei ezinegona sortzen zien. Telebista ikusi beharrean, Escape Room-ean jokatu dugu, bazkalostean ohi baino gehiago hitz egin dugu elkarrekin…
Gainera, Eitzako bizilagunek bideo bat prestatu zenuten.
Egoerari dramatismo apur bat kentzeko, zerbait egitea pentsatu genuen. Azkenean, bideo bat egitea erabaki genuen. Whatsapp bidez parte hartzeko gonbita luzatu genuen eta ondoren bideoa ahal genuen moduan muntatu genuen. Dena den, jendeak bideoa egin izana eskertu du.
Konfinamendua amaitzen denean zer egin behar duzuen pentsatu al duzue?
Ez. Gauzak egun batetik bestera aldatzen direnez, ez dago planak egiterik. Hori bai, seme-alabek lagunekin egoteko gogo handia dute. 20:00etan bakoitza gure aldetik joaten gara.
Eitzako San Isidro festak balkoian ospatu behar izatea penagarria da.
Beti bezala lan egin dugu. Izan ere, apirilerako aurrekontua aurkeztu behar genuen udaletxean. Ondoren, zer gertatzen zen ikustea erabaki genuen. Baina berehala jabetu ginen ezingo zela aurrera jarraitu. Pena izugarria izan da. Auzoko adinekoengatik, batez ere. San Isidro eguneko, mezak, txistularien kalejirak… balio sinboliko handia dute eta pena da bertan behera utzi behar izatea. Adinekoentzat bereziki gogorra izaten ari da hau guztia eta jaietako ekitaldi kuttunez gozatzea merezi zuten. Baina kalean ekitaldirik ez antolatzea erabaki dugu. Izan ere, jendea erakartzen baduzu, ardura zurea da.
Festa giroa ez da faltako behintzat. Ze ekitaldi antolatu dituzue balkoietan egiteko?
Ostiralean, 12:00etan, kanpaiak joko dira. 18:00etan txokolate-jana egingo dugu, mozorrotuta. Bizilagunei argazkiak sare sozialetan elkarbanatzeko eskatu diegu. 19:00etan txupinazoa izango da eta jaietako zapia lepoan jarriko dugu. Ondoren, balkoietan poteatuko dugu eta San Gregorio kalean musika egongo da. 20:00etan txalo egingo dugu eta Txoria Txori abestuko dugu. Ondoren, DJ Sbans-ek musika jarriko du San Isidro kalean. Ostiraleko ekitaldiekin bukatzeko, 21:05ean DJ Kizt-ek musika jarriko du Busca Sagastizabal kalean. Larunbatean bi ekitaldi egongo dira: 12:00etan poteoa egingo dugu balkoietan eta 20:05ean DJ Rolli-k musika jarriko du Busca Sagastizabalen.
Gainera, banderak jarri dituzue salgai.
Balkoiak apaintzeko ohitura hartu dugunez, banderak jartzea erabaki dugu. 200 bandera egin ditugu eta dagoeneko ia guztiak saldu ditugu. Zumarragako erdigunean eta Urretxun ere Eitzako jaietako banderak ikus daitezke.
Eitzako San Isidro jaiak bereziak dira Eitzakoak ez diren zumarragar eta urretxuar askorentzat ere. Zer du berezia Eitzak?
Ez dakit zer esan. Ni hemen jaio nintzen eta hemen bizi naiz. Senarra eta seme-alabak ere hemengoak dira. Nire ustez, geroz eta zailagoa den arren, Eitzak garai bateko auzoen izaera du oraindik eta bizilagunen arteko elkartasunari eusten dio. Izan ere, askok betidanik ezagutzen dugu elkar. Azken aste hauetan, Eitzan elkartasun erakustaldi asko egon dira. Bizilagunak auzoko adinekoei laguntzen saiatu gara eta hori ikusteak asko pozten nau.