Koronabirusa dela eta, Urteagak ezin izan ditu behar bezala ospatu urrezko ezteiak, urtebetetze eguna eta Zumarragako Trikitixaren 100. urteurrena
Migel Urteagak eta Maria Luisa Garciak urrezko ezteiak bete zituzten maiatzaren 1ean. Koronabirusa dela eta, ezin izan zuten urtemuga behar bezala ospatu. Covid-19ak urtebetetze eguna eta Zumarragako Trikitixaren 100. urteurrena ere zapuztu dizkio Urteagari. Izan ere, maiatzaren 6an 81 urte bete zituen eta maiatzean hastekoa zen udalak 100. urteurrena ospatzeko antolatutako programa.
Urteaga eta Garcia 1970eko maiatzaren 1ean ezkondu ziren. Eztei-oturuntza Etxeberri jatetxean egin zuten eta bazkalostean Zumarragako Trikitixak jo zuen, noski. Migelek egun hartan ere panderoa jo zuen.
Urrezko ezteiak semeekin, errainekin eta bilobekin ospatzeko asmoa zuten, baina ospakizuna atzeratu behar izan dute. Bidaia bat egiteko asmoa ere badute. Zorionak!