Egunero senitarteko edo lagunen baten erretratua marrazten du eta etxeko leihoan ipintzen du
Konfinamenduan batzuk sukaldaritza landu dute, beste batzuk gitarra jo dute… Elena Adradosek, berriz, barruan zuen marrazkilaria atera du. Bere etxe parean bizi den haurraren erretratua egin zuen eta leihoan jarri zuen, ondoren lagun batek bere erretratua egiteko eskatu zion… eta, azkenean, lagun eta senitarteko guztiak marraztu ditu. Leihoa marrazkiz bete du eta leihoan kabitzen ez direnak koaderno batean bildu ditu.
Horra hor bere azalpena. “Gure parean bizi den neskatxa, Karen, nire biloba Izarren laguna da. Ez du anai-arrebarik eta, beraz, egun hauetan ez du beste haur batekin jolasterik izan. Hori dela eta, berarentzat marrazki bat egitea eta leihoan jartzea erabaki nuen. Nire lagun batek, hori jakin zuenean, bere marrazkia eskatu zidan. Ez naiz inoiz marrazkilaria izan, baina pixkanaka senitarteko eta lagun guztien marrazkiak egin ditut. Guztiak errotulagailuz. Marrazkiak ikustera etortzerik ez zutenez, Whatsapp bidez bidali dizkiet”.
Konfinamenduak ezkutuko beste dohain batzuk argitara ateratzeko ere balio izan dio. “Goizean marrazkiak egiten ditut eta arratsaldean joste lanak eta yoga. Ez nekien marrazteko eta josteko gai nintzenik, konfinamendua heldu den arte. Nire buruari zin egin nion konfinamenduak ez zuela ni tristetzea lortuko. Eta ez du lortu. Baina artaldea dirudigu. Maskarak ahoa estaltzea oso esanguratsua da. Baina, tira, pentsatzeko ahalmena ez digute kenduko behintzat”.