Beitia martxaren antolatzaileek igandean aurreko edizioetako kamisetak soinean dituztela kirola egitera eta argazkiak partekatzera animatu dituzte herritarrak
Igandean zen egitekoa Iñaki Beitiaren omenezko mendi martxaren 24. edizioa. Bertan behera gelditu da koronabirusa dela eta, baina inork ez digu eragotziko mendira joatea eta Iñaki gogoratzea. Hori dela eta, martxaren antolatzaileek aurreko edizioetako kamisetak soinean dituztela kirola egitera eta argazkiak partekatzera animatu dituzte herritarrak. Horra hor beitia.org webgunean zabaldu duten mezua: “Maite eta estimatzen dugun norbait galdu dugun guztiok eguneroko jarduera txikietan gogorarazi ohi dugu. Egun bereziak ere badaude. Igande honetan, maiatzak 24, horietako bat da. Bai, behintzat, Iñaki ezagutu genuenontzat. Koronabirusa dela-eta ezin dugu Iñaki Beitia Mendi Martxa aurreko 23 edizioetan egin dugun era berean ospatu, baina proposamen bat egin nahi dizuegu: Distantzia sozialari eutsiz, egun horretan egiten dugun jarduera fisikoa edozein delarik, aurreko 23 edizioetako kamisetaren batekin egiteko eta harro erakusteko eskatzen dizuegu. Argazkirik ateratzen badugu Beitia Mendi Martxa Facebook-ean edo Twitter-ean (#AurtenEreBeitiarekin traola erabiliz) argitaratu ditzakegu. Anoa postua bakoitzaren kontura izango da. Ea Aizpurutxoko salda eta txorizoa berdintzen dituzuen!!!”.