Zumarragako Udalak eta EH Bilduk erasoa salatu dute
Zumarragako Udalak bidalitako ohar baten arabera, gaur, 07:00ak aldera, kaputxatutako sei lagunek Zumarraga-Azpeitia lineako autobusa gelditu eta erasotu dute Azpeitia sarreran. Autobusean Amnistia eta Patxi, zure borroka eredua (Patxi Ruiz, gose greba egiten ari den ETAko presoa) pintadak egin dituzte. Autobusean gidaria eta bost bidaiari zihoazen. Zumarragako Udalak elkartasuna adierazi die eta gertaera gaitzestu du. “Halako gertaerek gainditutako garaietara garamatzate. Garraio publikoa herritar guztion ondasun bat da. Behar handiko garaiak bizi ditugu eta zerbitzu publikoak funtsezko pieza dira elkarbizitza eta elkartasuna eraikitzeko orduan. Zerbitzu publikoak erasotzea gizartea eta bere baloreak mesprezatzea da. Azken egunotako gertaerek betirako alboratu nahi ditugun oroitzapenak dakartzate. Ondasun publikoak, partiduen egoitzak eta partidu hauetako baten arduradunaren etxea (Idoia Mendiarena) erasotu dute. Gipuzkoarrak oso eskuzabalak izan dira, garai berri bati ekin ahal izateko. Askatasuna berreskuratu dugu, beldurrik gabe bizi gara, garraio publikoan beldurrik gabe bidaiatzen dugu eta ez diogu lorpen horri uko egingo. Eraso hauek antolatzen dituztenei eta arnasa ematen dietenei, gizartearen konpromiso demokratikoarekin kontsekuenteak izateko eskatu nahi diegu. Bizi dugun egoera dramatiko honetan, Gipuzkoak eta Zumarragak ez dute beldur eta ziurgabetasun gehiago merezi”.
Zumarragako EH Bilduk ere bere desadostasuna adierazi du. “Zumarraga-Azpeitia lineako autobusean egindako pintaketak lekuz kanpo daude eta guztiz salagarriak dira. Zumarragako Euskal Herria Bilduk bizikidetza eta normalizazio demokratikoaren alde lanean jarraituko du. Herritar guztien giza eskubideak oinarri hartuta. Eskubide urraketa guztiak salatuz, presoen eskubideen aurka ematen ari diren giza eskubide urraketak barne. Denon parte hartzea eta elkarrekin pausoak ematea beharrezkoa da. Bide horretan, lanean elkarrekin jarraitzeko borondatea eta konpromisoa berresten dugu”.