Urretxu Zumarragako Gazte Asanbladak (UZGA) kontzentrazioa deitu du gaurko (asteazkena), Patxi Ruiz presoari elkartasuna adierazteko. Kontzentrazioa 20:00etan izango da.
Horra hor kaleratu duten idatzia. “Kontzentrazioa deitu dugu UZGAtik, Patxi Ruizek abiatutako borroka babesteko eta berari elkartasuna adierazteko. Amnistiaren aldarria ere gure egiten dugu. Honez gain, herritar guztiei zabaltzen diegu deia bertan parte hartzeko. Patxik abiatutako borroka, Murtzia II espetxean bizi duten egoera jasangaitzaren eta mehatxuen ondorio da. Guzti honek, koronabirusaren ondorioz ezarritako alarma egoerarekin okerrera egin zuen. Preso politikoen eskubideen aldeko dinamika bat aurrera eramaten ari ziren hainbat preso eta honi erantzunez kartzelarien mehatxuak gogortu egin ziren, berekin bukatuko zutela esatera iritsiz. Honen aurrean, Patxik, gose eta egarri grebari ekin zion. 11 egunen ostean ospitaleratua izan zen bere osasun egoera larriaren ondorioz. Ospitaletik atera ostean, egarri greba utzi eta gose greban jarraitzen du. Momentu honetan, kartzelako erizaindegian dago isolatuta, berrogeialdiaren ondorioz ez baitute bere zeldara eraman. Egiten dituen aldarrikapenak honakoak dira: Murtzia II-n bere segurtasun fisikoa bermatzeko neurriak, kartzeleroen mehatxu eta jipoien amaiera preso guztiekiko, euskal preso politikoak Euskal Herrira lekualdatzea (bere borroka politikoa baita) eta gainontzeko presoak ere beraien etxeetatik gertu edukitzea. Esan beharra dago, ez dagoela bakarrik borroka honetan. Beste hainbat preso nahiz herritar gose grebak, janei uko egiteak eta mobilizazioak egiten ari dira herri ezberdinetan”.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide