Herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko helburuarekin, 4.000 erosketa bonu atera ditu Urretxuko Udalak. Uztailaren 15era arte erosi ahal izango dira, herritarren arretarako bulegoan.
Urretxuko Udalak Covid-19aren ondorioz kalte ekonomikoak jasan dituzten merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako establezimenduetan erosketak egiteko bonuen kanpaina aurkeztu du. 10 euroko bonuarekin, 30 euro gastatzeko aukera egongo da. Familia bakoitzak bonu bat, bi edo hiru erosteko aukera edukiko du, senitarteko kopuruaren arabera.
Kanpaina honetan parte hartu nahi duten merkatariek, ostalariek eta zerbitzuetako establezimenduek udaletxean izena eman behar dute. Negozioa itxi behar izan dutela edo apirilean beraien fakturazioa %50 baino gehiago murriztu dutela egiaztatu beharko dute (2019ko urritik 2020ko martxora bitarteko sei hilabetekoan, hileko batez bestekoarekin alderatuta).
Kanpaina honekiko atxikimendua hilaren 30a baino lehen egin behar dute. Eskabide inprimakia udalaren webgunean dagoen erregistro elektronikoan edo harrera@urretxu.eus helbide elektronikoan aurkeztu behar dute.
Kanpainari atxikitutako saltokiek identifikatuko dituen bereizgarria izango dute. Bonu bakoitzak 5 euroko lau txartel eta 10 euroko bat izango ditu. Zatikatzeko aukera horri esker, tabernetan, kafetegietan eta erosketa txikietan ere erabili ahal izango dira.
Gehienez bi pertsonaz osatutako familia unitateek bonu bat erosi ahal izango dute, hiru eta lau pertsonako familia unitateek bi bonu gehienez eta bost pertsona edo gehiagoko familia unitateek
hiru bonu gehienez. Udalak 4.000 bonu jarriko ditu salgai guztira.
Uztailaren 15era arte
Bonu horiek uztailaren 15era arte erosi ahal izango dira, udaletxeko herritarren arreta bulegoan. Egun gutxi barru emango da ezagutzera herriko auzo bakoitzeko bizilagunak zein egunetan joan behar diren bonuak erostera. Uztailaren 15ean bonuak saldu gabe geratzen badira, interesa duten familia unitateek beste bonu bat erosteko aukera izango dute. Kide gehien dituzten familia unitateek lehentasuna izango dute.
Covid-19ak sortutako osasun krisia dela eta, transakzio horri segurtasun eta higiene handiagoa emate aldera, bonuak kreditu txartelaren bidez edo datafono bidez ordaintzeko aukera ematen duen aplikazio mugikorraren bidez ordaindu beharko dira. Bonuak irailaren 30a arte trukatu ahal izango dira. Erabiltzen ez badira, ez da ordaindutako dirua itzuliko.
Kanpaina atzo arratsaldean aurkeztu zuten udaletxean, Jon Luqui (EAJ) alkateak eta Nekane Oruesagasti (EH Bildu) eta Nati Nieves (PSE-EE) zinegotziek. Merkataritza Biziberritzeko Plan Bereziaren eskutik sortutako Merkataritza eta Zerbitzu mahaiak eskaria aktibatzeko plan bat eskatu zuen eta bonu hauek eskaintzea adostu dute. «Ez ditugu laguntza zuzenak eman nahi. Herritar guztiak izango dira onuradunak. Gure helburua urretxuarrek herrian kontsumitzea da».
Urretxuko Udalak 80.000 euroko inbertsioa egingo du. Beraz, bonu guztiak erabiltzen badira, herritarrek 120.000 euro gastatuko dituzte herrian bertan. Udalak urte amaieran antzerako
beste kanpaina bat egiteko asmoa du.