Igogailuak eta pasabideak egingo dira Labeaga Sorgintzulo eta Basagastirekin lotzeko. EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu dute eta EH Bildu abstenitu egin da
Urretxuko Udalak Hiri Antolamendu Plan Orokorra onartu du. EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu dute eta EH Bildu abstenitu egin da. Iaz onartu zen dokumentuarekiko aldaketa nabarmen bat dago: Gainzuri-komentua azpieremuan 65 etxebizitza egitea onartu da. Horrekin batera, bi igogailu eta pasabideak egingo dira Labeaga kalea Sorgintzulo eta Basagastirekin lotzeko eta ia 1.800 metro koadroko lursail bat lortuko da.
Plan Orokorra osteguneko osoko bilkuran onartu zen. Igor Zubillaga Hirigintza zinegotzia arduratu zen berrikuntzen berri emateaz. Hartutako erabakiari esker, haur eskolaren ebakuazio arazoa konponduko dela eta goiko auzoetako eta Gainzuriko eraikin zaharrenaren irisgarritasun arazoekin amaituko dela esan zuen. Horretaz gain, udalak eskuratuko duen lursaila Gainzurik izan ditzakeen espazio arazoak konpontzeko erabili daitekeela aurreratu zuen.
Mundo Mejor
Hori guztia lortzeko, udalak ez duela dirurik jarri beharko gogoratu zuen. Dirua Basagasti eta Mundo Mejor lotzeko erabili ahal izango duela gehitu zuen. Gainera, Hiri Antolamendu Plan Orokorrak ez duela Gainzuriren garapena mugatzen aipatu zuen.
Udalak Gainzuri-komentua lehenbailehen garatzeko neurriak hartuko ditu. Aipatutako arazoei irtenbidea emateak premia bizia duenez, epe zehatzak markatuko ditu egitasmoa epe ertainean garatu dadin. Epeak betetzen ez badira, azpieremu horri dagokion fitxa aldatuko du.
EH Bilduk Plan Orokorra udal talde guztien artean landutako proposamen eta ekarpenei esker onartu dela gogoratu du. Fitxa guztiekin ados dago, Gainzuri-komentukoarekin ez ezik. «Plan Orokorretik kanpo uzteko proposamena behin eta berriro egin genion udal gobernuari. Lortu ez genuenez, abstentzioa bozkatu genuen».
Aipatutako fitxa alde batera uzteko arrazoi ezberdinak dituzte. EH Bilduk mojek duten gunea dotazional bezala mantentzea nahi dute, lagapen hitzarmena sinatuz eta eskola publikoari atxikituz. Beraien nahia zonalde horri balio gehigarria ematea da, haur eskolaren eta goiko auzoen irisgarritasuna bermatuz eta gune berde bat sortuz.
Bestalde, EH Bildu koaliziokoek komentua dagoen tokian etxebizitzak eraikitzeko baimena emanez, mojei espekulatzeko aukera ematen zaiela uste dute. «Eta etxe berriak egitean, eskolarekiko gertutasun fisikoak ez du atzera bueltarik izango». Gaia hobeto lantzea eskatu dute. «Orain arte ez da lanketa proposamen eraikitzaile integral bat garatu interesa duten guztiekin. Igogailuak egiteko baliabide ekonomikoak lortzeko aukera ezberdinak landu daitezke, aurkeztutako proiektuaz aparte».
PSE-EEk, ordea, onartutako alternatiba behar guztiei erantzuna ematen dien bakarra dela uste du. Gainera, ekonomikoki bideragarria den bakarra dela esan zuten sozialistek.