Garbiketa, kudeaketa, segurtasun eta babes protokoloak aplikatzen dituztela egiaztatzen du. Bidaiarien eta langileen konfiantza berreskuratzea da neurrien aplikazioaren helburua
Lurraldebus zerbitzuko autobusek Aenor erakundearen ziurtapena daramate atzotik, COVID-19-aren aurrean garbiketa, kudeaketa, segurtasun eta babes protokoloak aplikatzen dituztela dioena.
Zumarragako geltoki intermodalean eman zuten atzo horren berri Rafaela Romero Gipuzkoako Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta zerbitzuaren kontzesioduna den Avanza enpresako Jose Luis Romanek. Urola Garaiko Gurutze Gorriko Gero Casas ere izan zen ekitaldian, bidaiarien artean maskarak banatzen ari ziren boluntarioen izenean.
Guztion artean, hemendik
Konfinamendua arintzeko hirugarren fasean hastearekin batera, Lurraldebusek eskaintzen duen garraio publikoaren zerbitzua ere %100ean funtzionatzen hasi da, eta Romeroren esanetan zerbitzu hori «segurua» dela egiaztatzen du Aenorrek emandako ziurtapenak. «Hasieratik, zerbitzua segurtasunez eta eraginkortasunez ematea izan da helburua», eta horretan erabiltzaileek hartu dituzten neurriak ere lagungarri izan direla aipatu zuen. Gipuzkoako garraio publikoa eredu jasangarrian oinarritzen dela ere adierazi zuen, eta horretan «atzera pausorik eman ez dadin», aldundiak garraio publikoa bermatzen jarraituko duela iragarri zuen.
Serrano alkateak, bere aldetik, garraio publikoaren segurtasuna eta ospitalera joan ahal izateko eskaini duen zerbitzua nabarmendu zituen.
Avanza enpresako Romanek, azkenik, autobusetan eta zerbitzuko instalazioetan segurtasun protokolo zorrotzak aplikatzean, bezeroen eta langileen konfiantza berreskuratzea izan dutela helburu azaldu zuen.
Hiru garbiketa mota
Lurraldebuseko autobusetan hiru garbiketa mota egiten dira COVID-19aren garai hauetan. Eguna amaitzean garajeetan egiten den ohiko garbiketari, desinfekzio garbiketa orokorra gehitu zaio. Eta hirugarrenik, eguneko ibilbideetan zehar autobusak terminalera iristen diren bakoitzean ereGoierriren kasuan, Zumarragako ospitaleko geldigunean, produktu desinfektatzaileak erabiliz garbitzen dira, batez ere heldulekuak.