Parte hartzaileen artean 20 erosketa bonu zozkatuko ditu, herriko merkataritza sustatzeko
Urretxu-Zumarraga ikastolak aurten ez du Ikastolaren Festa ospatzerik izango, baina ikasle, guraso eta langileei senitarteko edo lagunekin afaltzea proposatu die eta lehiaketa bat antolatu du komunitatea indartzeko eta bi herrietako merkatariei laguntzeko.
Ikastolaren Festa ikasturte amaieran ospatzen da eta afaria ekitaldi nagusia izaten da. “Jende asko biltzen gara afari horren aitzakian gure arteko harremanak sendotzeko eta tarte atsegina pasatzeko. Egun polita izaten da guztiontzat eta ez dugu nahi hori ere galtzerik”, aipatu dute ikastolakoek prentsa oharrean.
Hori dela eta, ikastolaren komunitateko kideei familian edo lagun artean afaltzea proposatu die, beti ere Osasun sailak adierazitako segurtasun neurriak zainduz.
Horretaz gain, jolas bat antolatu dute. “Egoera honek gauza asko erakutsi dizkigu. Zer edo zer ona ateratzekotan, komunitatearen garrantziaz jabetzeko eta herriaren parte izateko beharra erakutsi dizkigu. Beraz, horretan ere gure aletxoa jarri nahiko genuke. Senide eta lagunekin egiteko jolas bat proposatu dugu. Herrian zehar hainbat hitz jarri ditugu eta hitz horiek aurkitu eta beraiekin mezuak idaztea proposatu diegu gure familiei. Mezu horiek bi herriak indartzeko eta sustatzeko helburua izan beharko dute. Parte hartzaile guztien artean 20 bonu zozkatuko ditugu herriko merkatu eta dendetan gastatzeko”.
Familiek mapa baten laguntza izango dute hitzak aurkitzeko. Mezuak idazteko, aurkitutako hiru hitz erabili beharko dituzte gutxienez. Sortutako galdetegia Inikaz bidalitako galdetegian idatzi behar dute. Esaldiak bidaltzeko azken eguna hilaren 12a da.
Bukatzeko, ikastolak familiei eskerrak eman dizkie. “Ikastolako familiei gure eskerrik beroena eman nahi diegu, hilabete zail hauetan erakutsi diguten gertutasun eta konfiantzarengatik”.