Udalak eta eragileek egitarau xume baina esanguratsua prestatu dute
Urretxuko San Joan festak ohi baino xumeagoak izango dira, jendetza biltzea komeni ez delako. Udalak eta eragileek egitarau xume baina esanguratsua adostu dute. Ekitaldi guztiak San Joan bezperan izango dira eta 24an ez da erromeriarik egingo.
San Joan bezperan Santa Barbarako ermitan meza egingo da. Auzotarrek loreak bedeinkatzeko aukera edukiko dute eta bertsolariek abestuko dute. Ondoren, kanpai hotsekin eta txalapartariek lagunduta, Santa Barbarako baserritarrek San Joan arbola ipiniko dute. Bukatzeko, su txiki bat piztuko da eta dantzariek su berria agurtuko dute. Bitartean, herrian, Lizarriturri txistulari elkarteak kalejira egingo du.