Igerilekua hilaren 29an irekiko dute eta abuztuaren 31 arte egongo da zabalik
Urretxuko kiroldegia eta pilotalekua ostegunean irekiko dituzte eta igerilekua, berriz, hilaren 29an.
Lehen fase honetan, kiroldegiko gimnasioa irekiko da. Bi espazio edukiko ditu, makina guztiak erabili ahal daitezen, segurtasun distantzia errespetatuz. Hala, bizikleta batzuk kantxan egongo dira.
Erabiltzaileek txanda eskatu beharko dute eta ordu eta erdi egon ahal izango dira gimnasioan, gehienez. Ikastaroak uztailean hasiko dira.
Erabiltzaile bakoitzak bere estera eta toalla eraman beharko ditu eta, erabilpen bakoitzaren ondoren, erabilitako makina garbitu beharko du. Kiroldegira maskara jarrita sartu behar da eta kirola egiten hasteko orduan kendu ahal izango da.
Ederrena pilotalekua ere ostegunean irekiko da. Alokairu bidez bakarrik erabili ahal izango da. Kantxa alokatzeko kiroldegira joan behar da. Bertan pilotalekura sartzeko balio duten txartel bat emango diete. Ordu eta erdirako balio du. Bukatutakoan, txartela pilotalekuan bertan dagoen buzoi batean utzi behar da.
Igerilekuari dagokionez, hilaren 29an irekiko da eta abuztuaren 31n itxi. Erabiltzaile kopurua kontrolatuko da eta eraikin barruan maskara eraman beharko da. Aldagelak eta iturriak itxita egongo dira.