Zumarragako Udalak ekitaldia antolatu du Gurutze Gorriari egindako lana eskertzeko. Ekitaldian Gipuzkoako lehendakariak eta Goierri garaiko boluntarioek parte hartu dute.
Asko dira koronabirusa azaldu eta alarma egoera ezarri zenetik gizartearen alde lan egin dutenak. Horien artean Gurutze Gorria dago. Zumarragako Udalak ekitaldi bat egin du Gobernuz Kanpoko Erakunde honetako boluntarioei eskerrak emateko.
Omenaldia ostiral goizean izan zen, Zumarragako udaletxean. Ekitaldian Sonia Archeli Gipuzkoako Gurutze Gorriko lehendakariak, Jero Casas Goierri garaiko lehendakariak, Jose Luis Peña Gipuzkoako lehendakariordeak, Pedro Perez Gipuzkoako esku-hartze arduradunak, Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta alderdi politiko guztietako ordezkariek parte hartu zuten.
Martxoaren 14an alarma egoera ezarri zenetik, Goierri garaiko Gurutze Gorriak 2.168 telefono dei egin dizkie adinekoei, 130 erosketa eraman ditu etxeetara, 70 etxetara botikak eraman ditu, 61 zabor bilketa egin ditu eta zortzi garraio soziosanitario egin ditu. Horretaz gain, ia 2.000 maskara banatu ditu, hamar elikagai banaketa egin ditu eta hainbat kudeaketa lan egin ditu. 548 familiari eskaini die laguntza. Onuradunak 1.861 pertsona izan dira.
Elikagai banaketa
Egoerak hobera egin du, baina oraindik gaizki pasatzen ari den jendea dago eta Gurutze Gorriak ez dio lan egiteari utzi. Ekaineko eta uztaileko azken asteetan elikagaiak banatuko dituzte gehien behar dutenen artean, Elikagai Bankuarekin eta mankomunitatearekin elkarlanean.
Ostiralean, alkateak eskerrak eman zizkion Gurutze Gorriari, zumarragar guztien izenean. «Egoera kritikoa bizi izan dugu eta ezin ditugu ahaztu egoera hau gainditzeko lan egin duten guztiak. Krisia gainditzen lagundu digutenen artean, Gurutze Gorriko boluntarioak daude. Eskerrik asko emandako laguntzagatik», aipatu zuen Zumarragako alkateak.
Casasek azken hilabete hauetan Goierri garaiko Gurutze Gorriari lagundu dioten guztiei eman zizkien eskerrak: Gipuzkoako, erkidegoko eta Estatu espainiarreko Gurutze Gorria, aldundia, Eusko Jaurlaritza, hainbat enpresa, Gurutze Gorriko bazkideak, Musti Taldea, Gazteen Gurutze Gorria eta boluntarioak. «Azken hilabete hauetan gure boluntario kopuruak gora egin du nabarmen eta boluntario berri hauek guztiek gurekin lan egiten jarraitzea gustatuko litzaidake».
Herritarrei ere eskerrak eman zizkien. «Kalean gelditu gaituzte eskerrak emateko, txalo egin digute… Ez nuen uste inoiz halakorik ikusiko nuenik».
Bukatzeko, Archelik Zumarragako Udalari eskerrak eman zizkion eta azken hilabete hauetan bizitakoak lan egiteko modua hobetzeko balio izatea espero duela esan zuen. «Sarean lan egin behar dugu, pertsona guztien beharrak asetzeko».