Zumarragako Udalak obra abenduan hastea eta 2021eko udaberrian bukatzea espero du. Krisia dela eta, herriaren goialdeko urbanizazioaren 9. fasea atzeratu egin dute
Koronabirusak eragindako krisia dela eta, udalek espero baino diru gutxiago izango dute. Gainera, dirua behar gehien dutenei laguntzeko eta krisiari aurre egiteko behar dute. Hori dela eta, espero baino inbertsio gutxiago egingo dira. Honela, Zumarragako Udalak Esteban Orbegozo eta Elgarrestamendi lotuko dituen igogailuari eta pasarelari lehentasuna ematea eta goialdeko urbanizazioaren 9. fasea atzeratzea erabaki du.
Igogailua kiroldegi ondotik igotzen denaren ondoan egongo da eta Euskal Herria hiribideko errepidea zeharkatuko duen pasarela bat edukiko du. Helburua erdigunea eta goialdea lotzea da. Igogailu honi esker goialdeko bizilagunen irisgarritasuna bermatuko da. San Isidrora, Elgarrestamendira, Izazpira, Leturiatarren plazara, Antonino Oraara, ospitalera eta Hiri Lorategiko goialdera eskailerarik igo gabe joan ahal izango da.
Geldialdiak
Igogailuak bi geldialdi izango ditu: bata Euskal Herria hiribideko espaloian eta bestea Elgarrestamendi eta San Isidro artean dagoen aparkalekura eramango duen pasarelan.
Aurrekontua 600.000 euro ingurukoa da eta Eusko Jaurlaritzak 294.000 euroko diru-laguntza eman du. Udala aldundiaren laguntza lortzeko lan egiten ari da. Astearteko osoko bilkuran proiektuaren erredakzioa eta lan zuzendaritza onartu ziren eta obra abenduan hastea espero da. Obraren iraupena 4-5 hilabetekoa izango da.
Goialdearen urbanizazioari dagokionez, 9. fasea atzeratzea erabaki da. Fase honetan ospitaleko bidegurutzetik eguneko zentroko bidegurutzera doan tarteko espaloiak eta argiteria berrituko dira. Aurrekontua 569.000 eurokoa da eta obra 2021ean egitea espero da. Goialdearen urbanizazioa 10 fasetan egingo da eta aurrekontua 4 milioi eurokoa da. Orain arte 8. fasea egin da.
Asteartean Urdaneta hiribideko garaje bat erostea ere onartu zen. Garaje hori pilotalekuaren ondoan dago, errebotearen beste aldean. Kontrakantxaren atzealdeko pareta zulatuko dute eta garajera emango duen ate bat jarriko dute. Hala, pilotalekuan ekitaldi bat dagoen bakoitzean, tresnak garajetik sartu ahal izango dira. Egun, sarreratik sartu behar dira eta eskailerak jaitsi behar dira kantxara eramateko.
Bukatzeko, udalak laguntzak egoera berrira egokitzea onartu zuen. Egokituko diren laguntzen artean, enpresek eta familiek jasoko dituztenak daude. Zuekin Eskolara programako aurrekontua bikoiztu egingo da. 60.000 eurokoa izango da. Bestalde, 6 eta 16 urteko haur bakoitzari 60 euro emango diote herriko dendetan eskola materiala erosteko.