Ezpata-dantza izango da Santa Isabel jaietako ekitaldi bakarra
Zumarragako Udalak, jai jarduera guztiek pertsonak biltzea dakartela ikusirik, jai guztiak bertan behera uztea erabaki du. Asteartean ez da San Joan surik piztuko eta Santa Isabel jaiak ere bertan behera gelditu dira. Hala ere, tradizioan eta kulturan oinarrituta, udalak, elizak, txistulariek eta dantzariek Santa Isabel egunean meza eta eliza barruko ezpata dantza egitea erabaki dute. Ekitaldia 11:00etan izango da eta ez da prozesiorik eta ohorezko aurreskurik egongo. Udalak ekitaldia Urola Telebistan eta zelaiarizti.eus webgunean zuzenean emateko ahalegina egin behar du. Mezaren ostean, 12:45ean, ezpata dantza egingo da Euskadi plazan. Udalak ez du bestelako ekintzarik sustatuko, ezta lagunduko ere. Hori dela eta, ez da uztailaren 2ari begira Antio inguruko udal-mahaiak erreserbatzeko aukerarik izango. Era berean, herritarrek erantzukizunez joka dezatela eskatzen da, pertsonen kontzentrazioa eta ezarritako segurtasun neurriak ez betetzea saihestuz.
Koronabirusaren eraginez edukiera murriztu dutenez, mezara eta eliza barruko ezpata dantzara joan nahi dutenek zozketa batean parte hartu beharko dute. 50 gonbidapen bikoitz zozkatuko dituzte. Zozketan Zumarragak erroldatuta daudenek bakarrik parte har dezakete. Pertsona bakoitzeko izen-emate bakarra onartuko da. Datorren astelehenetik ostiralera eman behar da izena. Horretarako, 943 72 35 10 edo 943 72 91 54 telefono zenbakira deitu behar da, 09:00etatik 13:00etara. Posta elektronikoz ere izena eman daiteke: kulturetxe@zumarraga.eus helbidera idatzi behar da eta izen-abizenak, NAN zenbakia, telefono zenbakia eta helbide elektronikoa eman. Zozketan gonbidapena lortzen duen pertsona derrigor joan beharko da ekitaldira eta berak nahi duen senitarteko edo laguna eraman ahal izango du. Sarreran gonbidapena aurkeztu beharko dute. Maskara eraman beharko dute eta sarreran eskuak gelarekin garbitu beharko dituzte. Autobus zerbitzua edukiko dute.
Plazako ezpata dantzari dagokionez, plazak mugatuak izango dira eta aulkiak jarriko dira. Sarrera librea izango da, edukiera bete arte. Ezin izango da esparrutik irten arrazoi justifikaturik gabe.
Bestalde, uztailean egiten den San Kristobal auzoko jaia eta irailean egiten den Belokiko gurutzearen festa ere bertan behera gelditu dira.