Udalak alarma egoera ezarri aurretik deitu zuen
Alarma egoera ezarri aurretik Zumarragako Udalak jaietako egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketa deitu zuen. Hala, nahiz eta Santa Isabel jaiak bertan behera gelditu diren, lehiaketarekin jarraitzea erabaki du. Irabazlea Julen Izagirre zumarragarra izan da, Bazen behin Antion lanarekin. Udala lan hau datorren urteko egitaraurako erabiltzea aztertzen ari da.
Izagirrek bosgarren aldiz irabazi du lehiaketa hau. “Urtero bizpahiru lan aurkezten ditut. Beti gauza ezberdinak egiten saiatzen naiz, nire estilotik aparte samar daudenak. Aurtengo lehiaketa irabazi duen kartela, adibidez, ez da nire estilokoa. Uztailaren 2an Antion aurkitu daitekeena azaltzen duen ipuin moduko bat da: dantzaria, tailetako irudi geometrikoak, dragoia, txerria eta txakurra, beirateak, ezpatak, amabirjina…”.
Lehiaketara 14 lan aurkeztu dira eta Zelai Arizti aretoan ikus daitezke.