Mikel Beitia (Aizpurutxo, 1966) Urola Garaia Xtrem probako antolatzaileetako bat da. Mendiko bizikleta proba hau bihar egitekoa zen, baina bertan behera gelditu da.
Nolatan hasi zineten proba hau antolatzen?
Mendiko bizikletarekin hortik zehar ibiltzen ginen. Hemen ez zen proba gogorrik antolatzen eta Goierri kirol elkarteko mendi bizikleta taldekook guk geuk antolatzea erabaki genuen. Proba antolatzen hasi ginenean talde handi bat ginen, baina halako proba bat antolatzeko talde txiki bat hobe da. Hala, bost lagun gara antolaketa lanaz arduratzen garenak. Hori bai, proba egunean eta aurreko egunetan laguntzaile asko behar ditugu.
Noiz antolatu zenuten lehenengoz?
Aurtengoa zortzigarrena izan behar zen. Helburua, inguruko mendi guztiak hartuz, proba gogor bat antolatzea zen. Hemen ere aukera zabala dugula erakutsi nahi genuen eta proba benetan gogorra atera zen.
Urtero bi ibilbide egoten dira aukeran. Beti berberak al dira?
Bai. Bata luzea izaten da eta bestea motzagoa. Luzeak 80 kilometro ditu eta motzak 40, gutxi gorabehera.
Ibilbide motza oso gogorra da. Luzea, infernua.
Maratoi izenarekin hasi ginen eta iaz Xtrem-era aldatu genuen. Ez dago gehiago esan beharrik. Duela bi urte 300 lagun inguru irten ziren eta 70ek bakarrik bukatu zuten.Sekulako hotza egin zuen. Horren ondoren, Xtrem izena jartzea erabaki genuen.
Zuen proba oso ospetsua da proba gogorrak gustuko dituztenen artean.
Etortzen direnak oso gustura ibiltzen dira. Ibilbidea asko gustatzen zaie, baina eguraldiarekin oso zorte txarra izan dugu orain arte. Beti eguraldi txarra egin du eta pena da. Orain arte beti maiatzean egin dugu. Aurten ekainera pasa dugu, eguraldi onaren bila, eta koronabirusa azaldu da.
Zer esaten dizuete parte hartzaileek?
Mountain bike purua dela. Izan ere, hemen egin daitezkeen ibilbide guztiak gorabeheratsuak dira. Gainera, ahalik eta pista gutxien zapaltzen saiatzen gara. Eta errepideak, ahal bada, batere ez. Proba honetan ez dago atsedenik. Denbora guztian oso kontzentratuta joan behar da, jaitsierak ez baitira batere lasaiak. Ibilbidea oso gogorra da. Beharbada, gogorregia. Baina jendeak hori nahi du. Madrilgo, Burgoseko, Asturiaseko, Zaragozako, Bartzelonako, Kantabriako… jendea etorri da eta denek oso proba gogorra dela esan dute. Kanpoko geroz eta jende gehiago etortzen da eta, nahiz eta ez den lasterketa bat, maila oneko jendea ere etortzen da.
Aipatu bezala, ez da lasterketa, proba baizik.
Denborak hartzen ditugu, baina ez dugu saririk ematen. Denborak jendea toki bakoitzetik noiz pasa den jakiteko hartzen ditugu. Sailkapena argitaratzen dugu, baina ez dugu saririk ematen. Amaieran zozketa bat egiten dugu parte hartzaile guztien artean. Babesleei gehien eskertzen dieguna zozketarako opari bana ematea da. Diru behar handirik ez dugu, parte hartzaileek ordaintzen dutenarekin nahikoa baitugu ia.
Zenbat lagunek parte hartzen dute?
500 lagunek parte hartzen dute, gehienez.
Proba bertan behera utzi behar izanak galera handia suposatu al du?
Ez. Hilabete atzeratu genuenez, alarma egoera ezarri zutenean kamisetak-eta eskatu gabe genituen oraindik. Ondo harrapatu gintuen.
Datorren urtekoa ekainean egiteko asmoa al duzue.
Bai. Oker ez banaiz, ekainaren 19an izango da.
Antolaketa lana gogorra al da?
Bai. Gainera, boluntarioak lortzeko zailtasunak izaten ditugu. Izan ere, egunean bertan 60 bat boluntario behar izaten ditugu. Ez da erraza horrenbeste jende lortzea. Eta jendeari tiraka ibiltzea oso gogorra da. Batzuetan erreta bukatzen dugu, baina orain arte konpondu gara. Mendia garbitzeko eta markatzeko prest dagoen jendea lortzeko ez da arazorik egoten, baina egunean bertan behar diren 60 boluntarioak lortzeko…
Aspaldi hasi al zinen mendiko bizikletan ibiltzen?
Bai. 18 bat urterekin. Familia eta lana direla eta, utzi beharra izan nuen. Duela 15 urte berriro ekin nion ibiltzeari.
Nolatan hasi zinen?
Mendiko bizikletak hona iritsi zirenean hasi nintzen. Ordura arte ez nintzen bizikletan ibiltzen. Ez naiz sekula errepidean ibili. Mendizalea naiz eta lehengusu batek eta biok mendiko bizikleta erostea erabaki genuen. Nire lehen bizikleta Peugeot markakoa zen. Asko aldatu dira bizikleta ordutik. Egungoek ez dute garai hartakoekin zerikusirik. Garai hartakoek hala moduko frenoak zituzten eta amortiguadorerik ez zuten.
Egun, asko ibiltzen al zara?
Azkenaldian apur bat gehiago. Aurten bi eguneko Euskadi Xtrem proba egin dugu. Hemen inguruko martxetan ere parte hartzen dugu.
Zer ematen dizu bizikletak?
Mendian ibiltzeko eta lagunekin egoteko aukera.
Urretxun eta Zumarragan zaletasun handia al dago?
Bai. Geroz eta gehiago. Mendian gazte kuadrilla asko ikusten dira.
Urretxu-Zumarragako zein ibilbide gomendatuko zenieke goierritarrei?
Edozein. Nik Irimoko magalera eta Oletara joateko ohitura dut. Baina Legazpi aldean ere, Tubobide aldean, leku zoragarriak daude mendiko bizikletarekin ibiltzeko.