Azterketa bat egin dute eta egoera hobetzeko bost proposamen egin dituzte
Zumarragako EH Bilduk udalaren egoera ekonomikoa aztertu du eta azken hamarkadako okerrena dela ondorioztatu du. Egoera berbideratzeko bost proposamen egin dituzte.
EH Bilduk azken hamarkadako azterketa egin du. Horretarako, aldundiaren Ogasun saileko datuak, azken hamar urteetako likidazioak eta Eustat-eko datuak hartu dituzte. Udaleko eta aldundiko teknikoekin kontraste lana egin dute eta alor ezberdinetako profesionalen aholkularitza teknikoa izan dute.
EH Bilduk hainbat ondorio atera ditu. Udalaren aurrezki garbia eta, beraz, inbertsioei aurre egiteko ahalmena, asko murriztu da. “Krisiak are gehiago okertuko du egoera eta aurrezki garbia negatiboan geratzeko arrisku handia dago”. Altxortegia ere “asko” murriztu da. “Altxortegirik gabe geratuko gara laster, fondo foralaren murrizketaren ondorioz”.
Azpikontratazioen pisua asko handitu da eta inbertsioak murrizten joan dira. Gastuak handitu egin dira, baina gastu soziala ez da proportzio berean handitu. “2019an gastuak lehenetsi ziren inbertsioen aurretik eta krisialdiak azken kolpea eman dio goiko auzoetako obraren 9. faseari”.
Horretaz guztiaz gain, EH Bildukoek euskaran, kulturan, parte hartzean eta ingurumenean murrizketak egin direla dio. “Ez gaude ados eta azken urteotako joera berresten du: aurrekontuaren exekuzio maila txikiena izan duten alorrak dira, inbertsioekin batera”.
EH Bilduk bost irtenbide proposatu ditu. Lehenengoa ondasun eta zerbitzuen ataleko gastu korronteak murriztea da: Urretxurekin eta mankomunitatearekin zerbitzuak partekatu, hainbat zerbitzu udalaren eskuetara itzuli eta eraginkortasun energetikoan inbertitu.
Bestalde, fiskalitate progresiboaren bidez sarrerak handitu daitezkeela uste dute. Eta eskualdeko egituren aldeko “apustu sendoa” egitearen aldekoak dira: mankomunitatea, Uggasa eta UGLE. “Zumarraga eskualdeko egiturekin batera indartuko da. Bakarrik ezin dugu”. Denen artean hurrengo hamarkadarako estrategia zehaztea ere ezinbestekotzat jotzen dute. Bukatzeko, kudeaketa sistema eta lidergo eredua aldatu behar direla uste dute. “XXI. mendeko erronkek gaur egungo kudeaketa sistemak, lidergo kooperatiboak eta ideiak eskatzen dituzte”.
EH Bilduk hiru bideo egin ditu azterketa hau zabaltzeko eta sare sozialen eta telefono mugikorren bidez zabalduko ditu.