Ramon Iturriotzek (Zumarraga, 1960) erretiroa hartu zuen igandean, udaltzaingoan 36 urte eman eta gero. Inork ez ditu horrenbeste urte eman Zumarragako udaltzaingoan.
Alarma egoera kendu zuten egun berean jubilatu zinen. Ez duzu amaiera lasaia izan…
1983ko uztailaren 1ean hasi nintzen udaltzaingoan lanean eta abuztuaren amaieran uholdeak izan genituen. «Ondo hasi naiz…», pentsatu nuen. Bukatzeko, berriz, pandemia.
Nolakoak izan dira hilabete hauek zuentzat?
Bete beharrekoen zerrenda gauean argitaratzen zuten eta argi ibili beharra zegoen, hurrengo egunean jendea kontzientziatzeko. Gainera, irizpideak oso aldakorrak ziren eta jendeak zalantza asko zituen. Pandemia, alarma egoera… gauza berriak dira denontzat eta hilabete gogorrak izan dira. Herritarren jarrera ona izan da, baina azken asteetan jende asko gehiegi erlaxatu dela iruditzen zait.
Honek guztiak ez zaitu hasiberri harrapatu behintzat. 36 urte hauetan egoera gogor asko biziko zenituen.
1983ko uholdeekin hasi nintzen eta 1988an eta 1992an ere uholdeak izan genituen. Xabier Goñi udaltzainaren heriotza ere oso gogorra izan zen. Lanzaroten hil zen eta senitartekoei hara lagundu behar izan nien. Migel Anjel Blanco hil ondorengo egunak ere oso gogorrak izan ziren.
Zeintzuk izan dira egun politenak?
Santa Isabel eguna barrutik bizitzea pribilegioa da.
Zer egin behar duzu orain, bizimodu berrian?
Gehien eskertu behar dudana nahi ditudan gauza guztiak egiteko denbora edukitzea da, nire ordutegia oso zabala baitzen. Konfinamendu garaian udaltzain batek egunero bigarren etxebizitzara joateagatik salaketa jarri behar zidatela esan zidan. Ez zitzaion arrazoirik falta, urte hauetan guztietan udaletxea izan baita nire lehen etxebizitza. Orain, bidaiatzeko, emaztearekin denbora gehiago egoteko… asmoa dut.
Zumarragarrentzat mezuren bat?
Inoiz norbait gaizki sentitu arazi badut, barkamena eskatu nahi diot. Gaizki egin ditudanak, nahi gabe egin ditut. Udaltzain buruak politikariekin, herritarrekin eta udaltzainekin lan egin behar du. Bakoitzak bere nahiak eta beharrak ditu. Batzuk distantziakidetasuna ez dela ona esaten dute. Aristotelesek, ordea, arrazoia erdian dagoela esaten zuen. Berarekin bat nator. Bati mesede egiteko ezin zaio beste bati kalte egin.
Aholkuren bat udaltzain gazteentzat?
Lanbide honetan aginduak emateko aukera dugu, baina zerbitzua emateko gaude. Agintea izatea ondo dago, baina ezin dugu ahaztu herritarren zerbitzura gaudela. Batzuetan, nahiz eta arrazoia izan, hobe da eskua izatea. Jendearen bizimodua errazteko gaude, ez gaizki egiten direnak ikusteko bakarrik. Kontzientziatzea zigortzea baino askoz ere eraginkorragoa da.
Asko aldatu al da zuen lana urte hauetan guztietan?
Gizartea asko aldatu da. Egun, norberak bere alde egiten du eta, ondoren, ahal badu, astia badu… besteei laguntzen die. Udaltzaingoa ere asko aldatu da. Hasi nintzenean, Ertzaintzak ez zuen komisariarik. Ondoren, Ertzaintzaren figura indartzea komeni zenez, gure funtzio asko hartu zituzten. Egun, funtzio horiek berreskuratzen ari gara.
Udaltzainek pistola eramatearen alde ala aurka al zaude?
Beno… Pistola tresna bat besterik ez da. Garrantzitsuena tresna erabiltzen duen pertsona da. Udaltzaingoa institutu armatu bat da definizioz. Pistola bat, edo borra bat, ezin duzu tresna horiek erabiltzeko prestatua ez dagoen pertsona baten esku utzi. Borra batekin ere pertsona bat hil daiteke. Pistola bat eraman behar duen pertsonari oso azterketa psikologiko zorrotza egin behar zaio.