Udaleku irekirik ez dute antolatu aurten, baina bi udalek zaintza zerbitzua eskainiko dute, uztailaren 6tik 24ra, gurasoak lanean dituzten haurrentzat.
Aurten ez da udaleku irekirik egongo, baina Urretxuko eta Zumarragako udalek zaintza zerbitzua antolatu dute gurasoak lanean dituzten haurrentzat. Hainbat ekitaldi egongo dira, 2009 eta 2014 bitartean jaiotako haurrentzat. Kuota 35 eurokoa izango da.
Zerbitzua uztailaren 6tik 24ra emango da, 10:00etatik 13:00- etara. Izena emateko epea atzo itxi zen eta 60 haur inguruk eman dute izena.
Zerbitzua bi herrietan emango da. Ekintzak, eguraldiak uzten duen guztietan, kalean egingo dira. Eguraldi txarra egiten duenean, Juan de Lizarazu erakusketa aretoa, Labeaga aretoa, lizeoko gimnasioa, Gainzuri ikastetxea, Euskadi plaza eta La Salle-Legazpi ikastetxea erabiliko dituzte.
Kontaktu fisikorik gabeko ekintzak antolatuko dira eta haurrak taldetan banatuko dituzte. Talde hauek zortzi laguneko izango dira, gehienez. Talde bakoitzak begirale bat izango du eta segurtasun, higiene eta osasun arauak betetzeaz arduratuko da. Haurrak goizero gurasoek edo arduradun batek lagunduta helduko dira eta tenperatura hartuko diete. Sukarra badute, etxera bidaliko dituzte. Sukarrik ez dutenak bertan geldituko dira. Eskuak garbitu beharko dituzte eta bi metroko distantzia bermatu ezin denean maskara jarri beharko dute.