Harkaitz Barreros ile-apaintzaile urretxuarrak bere ametsa beteko du abuztuan: Donostian ile-apaindegia irekiko du. Lokala Kontxako badiaren ondoan dago, gainera.
Harkaitz Barreros ile-apaintzaile urretxuarraren ametsetako bat Donostian ile-apaindegi bat irekitzea zen eta abuztuan bere ametsa beteko du. Ile-apaindegia ez du Donostiako edozein tokitan irekiko, gainera: Askatasunaren Hiribidean egongo da eta bertatik Kontxa ikusiko da. Urretxuko ile-apaindegia hilaren 30ean itxiko du.
Barrerosek «salto garrantzitsua» dela dio. «Proiektu honi esker, gure lana askoz ere ezagunagoa egingo da. Azken finean, Donostia hiri bat da. Ez edonolakoa, gainera. Ospe handia du mundu mailan. Frantziatik oso gertu dago eta Frantziak tradizio handia du ile-apainketa arloan. Donostian goi mailako sukaldaritza egiten duten sukaldari asko daude eta guk goi mailako ile-apainketa egin nahi dugu. Gure izaerari eutsiko diogu, baina modan dagoena ere egingo dugu. Turistak eta Donostiako ekitaldietara datozenak ere gurera etortzea espero dut. Gutaz hitz egingo dela uste dut».
Handia eta ikusgarria
Ile-apaindegia Urretxukoa baino handiagoa izango da. «Geroz eta lan gehiago dugu. Donostiako lokala Urretxukoa baino handiagoa izango da eta baliabide gehiagoarekin lan egingo dugu. Oso modernoa izango da».
Kokapena ezin hobea dela dio. «Lokala Kontxako badian dago eta inguruan oso arropa-denda eta bitxitegi ezagunak ditu. Gure ile-apaindegia ere ikusgarria izango da. Bi solairu izango ditu eta bietan sekulako beirateak izango ditu. Bertatik Kontxa ikusiko da».
Egungo lan taldearekin jarraituko du. «Hasieran hiruzpalau izango gara, baina sei laguneko taldea osatzeko asmoa dugu. Gure lanari oihartzuna eman nahi diogu eta sortzaileenek ile-apaindegitik kanpo lan egingo dute. Master class-ak emango dituzte, besteak beste».
Arduraduna Barreros izango da, baina akziodun baten laguntza izango du. Bere ametsa bete behar duela aipatu du. «Beti amets egin dut horrelako toki batean lan egitearekin. Donostia aspaldian nuen buruan, baina Kontxako badian lan egitea inoiz amestu dudana baino hobea da. Donostiak punta-puntako jatetxe eta dendak ditu, baina hiri zaila eta garestia da. Bai bezeroek eta bai nik egunero badia ikustea sekulakoa izango da. Edozein arlotako profesionalek nahiko lituzketen baliabideak izango ditugu eta halako baliabideekin errazagoa da norberak duen onena ematea. Oso ondo pasako dugu, ziur».