11:30etan Zumarragako EH Bilduk txirrindu jira egin du Urretxu eta Zumarragan zehar, eta kanpainako afixak jarri dituzte kaleetan. Zumarragako PSE-EEko kideek, bestalde, prentsaurrekoa eman dute kanpainaren nondik norakoak azaltzeko. Bertan izan dira Mikel Serrano alkatea eta Eneko Andueza Gipuzkoako hautagaia.
Uztailaren 12ko hauteskundeetarako kanpainak martxan dira. Gaur Zumarragako EH Bilduren eta PSE-EEren txanda izan da. Alde batetik, EH Bilduk bizikleta jira egin du Zumarragako eta Urretxuko herrietan, eta kanpainarako afixak ezarri dituzte parte hartzaileek.
Bestalde, Zumarragako PSE-EEko alkatea den Mikel Serranok eta alderdi bereko Gipuzkoako hautagaia den Eneko Anduezak adierazpenak egin dituzte Euskadi plazan. Larunbatero bezala, azoka eguna ospatu da plazako arkupetan. Hauteskunde kanpainan larrosak banatu ohi dituzte alderdi sozialistakoek, baina osasun krisia dela eta ez dute halakorik egin.
Serranok Iñaki Arriolak Jaurlaritzan izandako “begirunea eta konpromezua” azpimarratu ditu, eta etxebizitza eskaintza publikoaren aldeko apustua egingo dutela esan du. Eneko Andueza PSE-EEren Gipuzkoako hautagai nagusiak adierazi du “politika progresistak” jarriko dituztela martxan: “Politika eta zerbitzu publikoen bermea gara; enpleguaren eta industriaren aldeko apustua egingo dugu”. Helburua “ongizate sistema sendotzea” dela ere esan du Anduezak.