Santa Isabel eguna hotz geldituko da aurtengoan. Meza eta Ezpata Dantza dira ekintza bakarrak, biak ikusle mugarekin. Sara Bidarte eta Miren Hernandez gogotsu daude, hala ere: «Dantzarako aukera eman digute eta mereziko du».
Santa Isabel jairik ez da izango aurten, baina Ezpata Dantza etzi egingo da, festen egun handia beharko lukeenean. Antion eta Euskadi Plazan dantzatuko dute Irrintzi dantza taldekoek, tartean, Sara Bidartek (Zumarraga, 1999) eta Miren Hernandezek (Zumarraga, 2003). Halere, ezingo da ikustera joan, sarrerak zozketa bidez banatu baitituzte.
Ez al da kontraesana Zumarragako jairik egon ez arren ezpata dantza egitea?
Miren Hernandez: Ez da inoren gustukoa ikusle kopurua mugatzea. Santa Isabel egunean Ezpata Dantza ikusteko jende asko elkartzen da eta dantzariek eta txistulariek asko gozatzen dugu ikusleen berotasunarekin. Baina tradizioari eustea ere polita da, jarraikortasuna ematea. Horretarako bide bakarra ikusle kopurua mugatzea bada, egin egin beharko da. Ikusle gutxiago egon arren dantzarako aukera eman digute eta mereziko du.
Sara Bidarte: Egoerak eragindako erabaki bat da. Esparru guztiak egokitu dira testuinguru berrira eta Santa Isabel egunak ere egokitu beharra zuen. Nik kontraesana dagoela uler dezaket jendearentzako egiten dugulako dantza eta batzuek ezingo dutelako ikusi, baina hobeto gutxi batzuk inork baino. Gainera, ez dakigu noiz arte luzatuko den egoera hau. Ezin dugu esan ‘datorren urtean egingo dugu orain arte bezala’, baina ezinezkoa bada?
Ezpata dantza noizbait kolokan ikusi al zenuten?
S. B.: Itxialdiaren hasieran, dena gelditzen zela ikustean, ez nuen oso argi dantza egingo genuenik.
M. H.: Zerbait egingo zela beti pentsatu izan dut. Guzti hau hasi zenean urruti ikusten zen uztaila eta nola edo hala eutsiko zitzaiola espero nuen.
Testuingurua berezia denez, ohi baino urduritasun handiagoa sentitzen duzue?
S. B.: Egia da gu izango garela aurtengo protagonista bakarrenetakoak eta horrek ematen du ardura puntu bat.
M. H.: Halere, esan beharra dago une berezia dela Ezpata Dantzarena eta beste urteetan ere sentitzen dela urduritasun puntu bat. Urduritasun sanoa eh, ez dugu gaizki pasatzen.
Miren, lehen urtea da kapitaina zarela. A ze urtea egokitu zaizun estreinatzeko.
M. H.: Berezia da kapitaina izatea eta urduritasun hori areagotu egiten du. Baina, azkenerako, dantza nahiz eta apur bat aldatuko den esentzia berbera izango da. Senitartekoek eta lagunek txantxetan esaten didate behin kapitaina izango eta ezin nautela ikusi.
Nola izaten da kapitainen hautaketen prozesua?
M. H.: Urte guztian zehar egindako lana hartzen dugu kontuan: entseguetako asistentzia, agertutako borondatea…
S. B.: Normalean hilabete lehenago inguru erabakitzen dugu nortzuk izango diren kapitainak. Aurten dena aldrebesagoa izan da.
Itxialdiak planak hankaz gora jarri dizkizue?
S. B.: Neurriak arintzean berriz ere hasi ginen entseatzen. Zelai Arizti kultur etxeko gela bat utzi digute eta bertan elkartzen gara lau kapitainak eta txistulariak. Normalean sokako kide denak elkartzen gara, baina pilaketak ekiditeko kapitainak bakarrik joaten gara. Astean pare bat bider.
Ikuspegi orokorrago batekin, zer sentsazio duzue festen atarian? Nola zaudete?
M. H.: ‘Santaisabelak’ ez ospatzea pena da, baina erabaki zuzenena da. Egoera nola dagoen ikusita erabaki zentzuzkoena da.
S. B.: Erabakiak inor gutxi harrapatuko zuen ezustean. Iragarri zutenerako denek espero genuen ez zela festarik egongo eta barneratua genuen.
Zerk ematen dizue pena gehien? Festetako unerik kutunena zein da?
M. H.: Ez nuke ekintza zehatzik esango, kalean sortzen den giroa baizik. Kaleko jai giroa sentituko dut gehien faltan.
S. B.: Santa Isabel eguna ere ez da berdina izango. Dantza egin arren uztailaren 2a oso mugatua geldituko da.
M. H.: Santa Isabel eguneko pieza garrantzitsu bat da Ezpata Dantza, baina festetako egun handia dantza baina harago doa: goizean goiz elkartzen gara, hamaiketakoa egiten dugu, Antiora elkarrekin igotzen gara, bazkaria, arratsaldeko erromeria, jaitsiera…
Eta aurten?
S. B.: Antiora autobusean igoko gara, dantza egin eta zuzenean jaitsiko gara.
Festetan bestelako planik baduzue?
S.B.: Momentuz, ez. Festak uztailaren 2ra mugatu direnez eta dantza egingo dugunez kuadrillakoekin ez dut ezer berezirik egingo.
Eta udan? Zumarragan geldituko zarete?
M. H.: Herria zaintzen geratu beharko naizela iruditzen zait. Gainera, orain dantza egiten dugunok abuztuaren 15ean, Ama Birjinaren egunean, berriz ere dantza egiteko kompromisoa hartzen dugu. Kasu honetan Zumarragako Parrokian egiten dugu dantza eta, ondoren, udaletxe atarian.
S. B.: Ezer handirik ez dakigu baina abuztuaren 15eko Ezpata Dantza egiteko moduan egongo garela pentsatzen dut.