Urretxuko kalean barrena, Joxe Mari Iparragirre koblakariarekin zerikusia duten hainbat gunetan, azalpenak emanez berrekin diote Iparragirre 2020 egitarauari.
Covid-19aren geldialdi luzea gaindituta, Joxe Mari Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena gogoratzeko egitarauari gaur berrekin diote, berriro, Urretxun. Koblakariaren umetako toki esanguratsu diren plazetan eta kaleetan barrena, bisita gidatua egin dute bisitariek.
Hezi2de aholkularitzako Miren Aranburu eta Idoia Luzuriagak egin dituzte gidari lanak. 11:00ak puntuan, Urretxuko plaza nagusian, Iparragirreren izena duenean hasi dute txangoa. Inguruabar historikoak azaldu dituzte lehenik, Antzinako Erregimenaren eta Liberalismoaren arteko gatazka giroa, XVIII.-XIX. mende arteko jauzia eta karlistaldien eragina, tarteko. 1820an jaio zen Iparragirre, Altzola etxean (Kale Nagusia 8, gaur egun), eta 13 urte zituen I. Karlistaldia hasi zenean.
Hain zuzen, plazatik Iparragirreren jaiotetxe aurrera joan dira. Bost urtera arte bizi izan zen Urretxun, gurasoek osabarenera ikastera bidali zuten arte, Idiazabalera. Gozogileak izaki, Iparragirre-Balerdi familia Gasteizera lehenbizi eta Madrilera ondoren aldatu zen.
Gernikako Arbola Plaza eta Abenidan beste bi geldialdi egin ondoren, atzera plazan amaitu dute bisita gidatua, estatuaren aurrean. Nahi zuenak, hilerriko mausoleoa ere ikusteko modua badu.
Berez, martxoaren 14an zen egitekoa gaur burutu den bisita. Osasun larrialdia hasita eta alarma egoera ezarri bezperan, atzeratu egin behar izan zuten, koronabirusaren izurriteagatik. Aurretik, Iparragirreren emazte Angela Kerexetaren figura ezagutarazteko ere egin zituzten beste txango gidatu batzuk.
Hezi2deko teknikariak Iparragirreri buruzko azalpenak ematen, jaiotetxearen aurrean, gaur, Urretxun./Aimar Maiz