Informatika zaleen festa hau Urretxun sortu zen eta iaz 5.000 lagun baino gehiago elkartu zituen BECen
Euskaltel Fundazioak antolatzen duen ekitaldi honek nostalgiaz beteriko keinu bat egin nahi izan du: antolakuntzako kide guztiak Urretxuko Ederrena pilotalekuan egongo dira, lanpartyaren arlo guztiak koordinatzeko.
Lehen Euskal Encounterra bertan ospatu zen, 1994an. 36 parte hartzaile elkartu ziren, 25 ordenagailuren inguruan, Internetik gabe noski. Iaz Barakaldoko BECen, berriz, 5.088 pertsona bildu ziren.
Covid-19ak baldintzatutako egoera honetan, Euskal Encounterreko arduradunek aurrez aurreko formatua saihestu behar izan dute. Hori dela eta, parte hartu nahi duten guztiek aukera hori izan dezaten, 5.088 parte-hartzailerentzako makro ekitaldi birtual bat antolatzea erabaki da. Bihar, asteartea, irekiko dira aurreinskripzioak www.euskalencounter.org webgunean, eta uztailaren 9an, osteguna, egingo dira behin betiko erreserbak.
Ekitaldiak egitarau zabala eskainiko du hiru egunetarako: prestakuntza eta jolas jarduerak, arte digitalaren, programazioaren eta bideojokoen esparruko lehiaketak, guztiak Internet bidez. Era berean, Opengune ezaguna, teknologia berriekin lotutako enpresek parte hartzen duten espazio irekia, gune birtual bihurtuko da, eta jarduera ludikoak eta prestakuntzakoak eskainiko ditu, bai eta interesa duten guztientzat doan eskuragarri dauden hitzaldiak ere.
Partyaren jarduera gehienak telebistako saio batean eman eta komentatuko dira, Twitch plataformaren bidez, streaming bidez.
Euskaltel Fundazioak antolatzen du Euskal Encounter, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, SPRIren bitartez.