Sutobal enpresak 27 etxebizitza egingo ditu Piedad 1 eta Kalebarren 2 eta 4ean. Etxeek miradoreak izango dituzte, egungoen itxura mantentzeko.
Kalebarren Zumarragako kale zaharrenetakoa da eta bertako etxe asko egoera txarrean daude. Udalak 25 urte daramatza Kalebarren zaharberritu nahian eta lehen pausoa datorren urte hasieran emango da: Sutobal enpresak Piedad 1, Kalebarren 2 eta Kalebarren 4ko etxeak bota eta 27 etxebizitza eta 28 garaje egingo ditu.
Etxebizitza hauek Z-4.1 Plan Bereziaren baitan egingo dira. Plan Bereziaren helburua Kalebarren zaharberritzea da. Horretarako, bizilagunei 186 etxebizitza egiteko aukera eman zaie. Egun, 53 daude. Gainera, eraikinaren azpian garajeak egiteko aukera eman da. PSE-EEk eta EH Bilduk alde bozkatu zuten eta EAJ abstenitu egin zen. Izan ere, jeltzaleek Kalebarreneko bi zonaldeak batera lantzea nahi dute. Beste zonaldea lantegiena da.
Sutobal enpresako Baltasar eta Asier Suarez aita-semeek guztira 120 etxebizitza inguru egingo direla uste dute. «186 etxebizitza egiteko, horiek oso txikiak izan behar dira eta etxebizitza txiki eskaria ez da horren handia», argitu dute.
Lehen fasean Piedad 1, Kalebarren 2 eta Kalebarren 4en 27 etxebizitza egingo dituzte. «Hiru eraikin dauden tokian bakarra egingo dugu. Izan ere, hiru eginez gero, ezin da egungo araudia bete. Ezingo litzateke igogailurik jarri, adibidez. Hori bai, kanpotik hiru eraikin direla emango du eta eraikin berriari egungoen antza ematen saiatu gara, udalak hala eskatuta». Eraikin berria 2023 hasierarako bukatzea espero dute. Bat, bi eta hiru logelako etxebizitzak egongo dira.
Gainontzeko etxeak
Gainontzeko etxebizitzak noiz egingo dituzten ez dakite oraindik. «Zumarraga eta Urretxun etxebizitza eskari zehatz bat dago. Urtero antzekoa izaten da. Ezin dira 120 etxebizitza aldi berean egin. Kalebarreneko gainontzeko etxebizitzak beharra ikusten dugunean egingo ditugu».
Sutobal enpresak Kalebarren bezalako guneetan lan egiten du. «Herri erdian eta egoera txarren dauden eraikinak bota eta berriak egiten ditugu. Zergatik? Jendeak erdigunean bizi nahi duelako, hala lur gehiago urbanizatzea ekiditen dugulako eta degradatua dagoen gune bat zaharberritzea lortzen dugulako. Kalebarrenen, adibidez, etxe asko hutsik daude dagoeneko. Eta Zumarragari eremu hori txukuntzea komeni zaio».
Etxebizitzen jabeekin akordioa lortzea ez da erraza izaten eta Kalebarrenen ere gogor lan egin behar izan da. «Kalebarreneko egitasmoa geldirik zegoen eta 2017an jabeekin harremanetan jarri ginen martxan jartzeko. Deia gustura jaso zuten eta akordio batera iritsi ginen. Ondoren, udalarekin harremanetan jarri ginen. eta honek ere deia gustura jaso zuen. Garai batean etxebizitzak zaharberritzea pentsatu zen, baina hori ezinezkoa da: etxe asko oso zaharrak dira eta egurrezko egitura dute, garajeak behar dira… Hala, Plan Berezian etxeak bota eta berriak egitea jaso da. Merkatarientzako lokalak ere egongo dira. Denok amore eman dugu zerbaitetan hau guztia aurrera atera ahal izateko».
Suareztarrak beste obra bat egiten ari dira Zumarragan: Kooperatiba zegoen eraikina bota eta etxebizitzak egiten ari dira. Obra hau datorren urte hasieran amaituko dute. Etxe hau bota zena baino atzerago egongo da eta, beraz, espaloia zabalagoa izango da. Gainera, atzealdean plaza bat edukiko du eta udaletxearen atzealdetik Galeperrara joatea ahalbidetuko du.