Orain arte txanda hartu behar zen liburutegira sartzeko; hemendik aurrera nahikoa izango da sarreran izena ematearekin. Maskararekin eta eskuak garbituta sartu behar da.
Urretxuko liburutegiko erabiltzaileek dagoeneko ez dute txandarik eskatu behar bertara sartzeko. Irakurketa eta informatika gelak astelehenetik ostiralera egongo dira zabalik, 10:00etatik 13:00etara. Hori bai, erabiltzaileek beraien izena eman behar dute sarreran. Hala, udalak bertaratu direnen kontrola egin ahal izango du. Maskararekin sartu behar da eta eskuak jelarekin garbitu behar dira.
Bestalde, ostegunetan biblioparke zerbitzua egongo da: liburuak kalera aterako dira, 10:00etatik 12:00etara. Egitasmo horren helburua irakurzaletasuna bultzatzea da, bereziki haurren artean.
Pixkanaka, liburutegia normaltasun berrira egokitzen ari da. Liburutegia martxoaren 14an itxi zen, alarma egoera ezarri zenean. Maiatzaren 29a arte egon zen itxita.
Bi hilabete eta erdi horiek zaharkituta edo egoera txarrean zeuden liburuak botatzeko erabili zen. 919 liburu. bota ziren guztira. Hala, berriei tokia egin diete. Bestalde, 1.195 liburu Eusko Jaurlaritzaren katalogoan sartu dira.